Rosa Diez Urrestarazu.
Euskadi Irratiko zuzendariaHilaren 28an hasiko da Euskadi Irratiko programazio berria. Jaime Otamendi eta Julian Belokiren ahotsak itzuliko dira.
«Irratia euskaldun berriei hurbiltzen saiatuko gara ikasturte berrian»
Urtzi Urkizu.
DonostiaETBn 25 urte egin ditu kazetari lanetan Rosa Diez Urrestarazuk (Donostia, 1963). Irakasle ere aritu da Deustuko Unibertsitatean. Alberto Surioren deia jaso zuenean, ez zitzaion kostatu baiezkoa ematea: «Surio ongi ezagutzen nuen, eta pentsatu nuen harekin lan egitea aukera ona izango zela niretzat». Euskadi Irratian «oso profesional onak» daudela uste du, eta orain helburua «martxan jarraitzea» dela. Euskadi Irratiaz gain, Gaztea eta EITB Irratia zuzenduko ditu, aurretik Odile Kruzetak egiten zuen moduan.
Nolakoa izan da zuretzat telebistatik irratirako jauzia?
Telebistan kazetari lanetan aritu naiz beti. Irratian, berriz, zuzendaritzara heldu naiz eta gestio lanetan nabil. Lana ezberdina da, baina gustura nago. Jende asko ezagutzen nuen lehendik, eta ondo sentitzen naiz.
Javier Torrontegi EITBko irratietako koordinatzaileak zer egiteko izango du Euskadi Irratiaren martxan?
Hura da koordinatzailea, baina autonomia nik daukat. Gainera, fisikoki zuzendaritza Bilbon dago, eta ni Donostian nago.
Zertan nabarituko du entzuleak Euskadi Irratian zuzendaritza aldatu dela?
Guk jarraitu behar dugu orain arte egiten ziren saioak mantentzen. Orain arte zeuden langileak mantenduko dira. Programa berri batzuk izango dira, eta albistegietan indar handiagoa jarriko dugu. Baina bide beretik jarraituko dugu lanean. Programazio berria administrazio kontseiluari aurkeztuko diogu irailaren hirugarren astean, eta hilaren 28an hasiko da. Berrikuntzetako bat informazio lokala izango da.
Aurkene Iturrioz da albistegi zuzendari berria. Noiztik ezagutzen duzu?
Hogei urte dira ETBn ezagutu nuela. Azkenaldian Vocento taldean aritu da gestio lanean. Oso pozik nago haren ekarpenarekin.
Arantxa Kaltzada, berriz, programazioburu berria da.
Irratigintzan hogei urte daramatza, eta orain etxe honetan zegoen, Amarauna saioarekin. Denen artean irrati ona egiten saiatuko gara. Aurreratu dezaket Donostiako Zinemaldian ordubeteko irratsaio bat egingo dugula egunero. Bestetik, eskela zerbitzuarekin hasi ginen joan den astean.
Zer egingo duzue, irrati autonomikoa -EAEri atxikia- ala nazionala -zazpi lurraldeetarako-?
Argi esango dut: Nafarroako eta Iparraldeko informazio lokala emango dugu. Euskaraz hitz egiten den leku guztietakoa izango da informazioa. Urrian Ezpeletan Piperraren Eguna izango da, eta gu han egongo gara. Nork pentsa dezake Euskadi Irratia ez dela Iparraldera iritsiko? Batzuetan jendeak hitz egiten du intentzio batekin, hori horrela ez dela jakinda ere. Euskara gure kulturaren parte da, eta ez du ideologiarik: denona da. Hori landu behar dugu.
Programazio berriaz gorabehera asko aurreratu ezin badira ere, ziurra da Jaime Otamendi arratsaldean ariko dela, ezta?
Bai. Maite Artolaren haurdunaldia dela eta, Jaime Otamendik Mezularia gidatuko du, 18:00etatik 20:00etara. Otamendik hamar urtean ez du mikrorik hartu, baina konfiantza osoa dut harengan. Saioak ez dit kezkarik sortzen, badakidalako oso ongi egingo duela. Muga bakarra da diru gutxi dugula.
Ez al da tengarria Jaime Otamendi eta Arantxa Iturbe elkarrekin jartzea, garai batean Goizean behin-en izan zuten arrakasta ikusita?
Ez, ez dut tentaziorik izan. Gauza guztiek beren denbora dute, eta Goizean behin-ena pasa zen.
Odile Kruzeta eta Julian Beloki zuzendaritzan zeuden lehen. Orain zertan arituko dira?
Odile Kruzeta musika alorreko koordinazioan ariko da, berak hala eskatuta. Julian Beloki aste honetan hasi da irratian, eta saio bat egingo du; halaber, unibertsitateari lotuta jarraituko du. Hark duen ahotsa ezin da alferrik galdu.
Politika gaiei helduta, Alberto Suriok esan zuen EITBn indarkeriaren aurkako pedagogia zibikoa egingo duzuela. Horren barnean, tortura kasuak nola landuko dituzue?
Kasu bakoitza datorrenean normaltasun osoz informazioa ematen. Prentsaurreko batean torturak salatzen badira, Euskadi Irratia han egongo da. Era guztietako bortxakeria salatu behar dugu.
Solasaldietan parte hartuko al dute legez kanporatutako ezker abertzaleko alderdietako kideek?
Ez gara tertuliakide zerrendarekin hasi. Baina egin behar duguna da oreka bat bilatu. Rafa Diez Usabiaga, adibidez, elkarrizketatuko genuke arazorik gabe, nahiz eta harekin ez dugun hitz egin.
Euskadi Irratiak, euskarazko hedabide gehienek bezala, zailtasunak izan ditu azken urteetan hartzaile kopuruan gora egiteko. Zer egin daiteke?
Inork ez du makilatxo magikorik. Ikasturte berrian, saiatuko gara irratia euskaldun berriei hurbiltzen. Ea euskara munduan sartzen ari direnak erakar ditzakegun.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
