Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 17 - 02:09

agenda;2009-06-18;Banda zabalean. Komunitateak finantzatutako kultur merkatua

Komunitateak finantzatutako kultur merkatua

Banda zabalean

Iker Balentziaga

Claudia Clyde, Perry Chen eta Yancey Strickler lagunak dira. Estatu Batuetako New York hirian bizi dira, Frank Sinatraren abesti ezagunenetako bat inspiratu eta sekula lorik egiten ez omen duen etxe orratzen megalopolian. Hirurek New York maite dute. Bere etengabeko mugimenduak, kolore nahasketak eta kultur aniztasunak liluratzen ditu. Hirukote horren buruetan ideia bat piztu zuen horrek aspaldi; zergatik ez dugu, hiritarren euren ekarpenekin, city-aren eta bere biztanleen izaera berezi hori azalduko duen elkarlanean oinarritutako liburu bat egiten?

Bada, Kick Starter izeneko webguneari esker (www.kickstarter.com), Claudia, Perry eta Yanceyren liburuak aurki ikusiko du argia. Baina, zer da Kick Starter? Proiektu kulturalak komunitatean finantzatzeko eta aurrera ateratzen laguntzeko asmoarekin sortutako web bat da, kulturaren merkatu tradizionalaren aldean, alternatiba sozial bat proposatzen duena. Bere funtzionamendua oso sinplea da:

1.- Norbanako edo talde batek egin nahi duen proiektu kulturala azaltzen duen mezu bat bidaltzen du Kick Starter webgunera, proiektu hori aurrera ateratzeko zenbat diru behar duen eta diru hori eskuratzeko gehieneko epea zehaztuta -bi hilabete, adibidez-. 2.- Kick Starterek iristen zaion eskaria aztertu, eta, egokia iruditzen bazaio, proiektu proposamena altan eman eta bere webgunean publikatzen du. 3.- Webguneko erabiltzaileek, euren diruarekin, interesgarriak iruditzen zaizkien proiektuak babesten dituzte. 4.- Aurretik zehaztutako epean bere proiektuaren %100 finantzatzea lortzen duenak, erabiltzaileek horri zuzendutako diru guztia jasotzen du, bere egitasmoa errealitate bihur dezan. Gehieneko epe horretan finantziaketa osoa lortzen ez duenak, ordea, ez du ezertxo ere jasotzen, eta, erabiltzaileek ez dute berari eskainitako dirua galtzen.

Kultura ulertzeko eta merkaturatzeko ideia berria eta interesgarria da Kick Starter webguneak proposatzen duena. Aurreko batean aipatu nizuen Spot Us guneak proposatzen duen kazetaritza eredu berrian bezala, Kick Starter webean ere, egungo web2.0 edo Internet sozialaren ezaugarri diren elkarrekintza eta komunitate ideien aldeko apustua egiten dute.

Hala ere, Internet kulturarekin amaitzen ari dela entzuten jarraitu beharko dugu...

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia