Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 13:56

AGENDA;2009-04-22;KOMUNIKAZIOA. Gizarte gaiak jorratuko dituzte ETBko 'Kalifornia' elkarrizketa saio berrian. Gaur estreinatuko dute ETB3n Luis Mendizabal kazetariak gidatutako tartea; errepikapena, astelehenetan, ETB1en

Gizarte gaiak jorratuko dituzte ETBko 'Kalifornia' elkarrizketa saio berrian

Gaur estreinatuko dute ETB3n Luis Mendizabal kazetariak gidatutako tartea; errepikapena, astelehenetan, ETB1en

Izaskun Beraza.

Gaurko gizarteaz eta, bereziki, datorren gizarteaz solas egingo dute ETBko Kalifornia elkarrizketa saio berrian. Aurrera begiratu nahi du, batez ere, Luis Mendizabal kazetariak. Horretarako, mota guztietako gonbidatuak izango dituzte saioan: gazteak, adinekoak, ezagunak eta ezezagunak. Betiere, gaurko eta biharko bizimoduari buelta batzuk emateko helburuarekin, kezka eta arreta sortzen duten solaskideak.

«Gure bizitza abiadura bizian aldatzen ari da. Guztia ari da etengabe bilakatzen: politika, aisia eta, nola ez, baita lana ere», azaldu du Luis Mendizabal aurkezleak. «Kalifornia-tik pasatuko diren lagunak aldaketa horien guztien lehen eskuko protagonistak dira». Mendizabalen hitzetan, gazteenek aldaketa horiek nola bizi dituzten kontatuko dute saioan. Urte gehixeago dituztenek, berriz, esperientzia erantsiko diote egoera berriari, eta balioak, jokabideak eta ideiak ere gehituko dizkiote.

Gaur gauean ETB3n (22:25ean) estreinatuko duten saioak ezberdina izan nahi du. Horretarako, besteak beste, Internet baliatuko dute. Solasaldien erdian sarean murgildu eta gaiaren edo elkarrizketatuaren inguruko erreferentziak bilatu eta aipatuko dituzte. Era berean, ikus-entzuleek zuzenean parte hartzeko tresna ere izango da Internet. Gaiak proposatzeko aukera izango dute kalifornia@eitb.com helbidean.

Elkarrizketatu zerrenda

Ameriketako Estatu Batuetan lan egiten duen Igor Calzada elkarrizketatuko du, gaur, Luis Mendizabalek. Soziologoa da Calzada, baita Nevadako Unibertsitateko ikertzaile eta Mondragon Unibertsitateko proiektu zuzendaria ere. Berrikuntzen alorrean egiten du lan, eta aditua da sormen gaietan. Berrikuntzaz, nola ez, eta Euskal Hiriaz hitz egingo du gaur Medizabalekin.

Calzadaren ostean, asteazkenetik asteazkenera, honako gonbidatu hauek pasatuko dira, besteak beste, Kalifornia-tik: Maite Darceles aholkularia ezagutzaren langileaz hitz egiteko, Javier Yanguas Matia Fundazioko ikerketa zuzendaria adineko asko izango dituen etorkizuneko gizarteaz hitz egiteko, Xabier Aierdi soziologoa datozen gizarte aldaketez solas egiteko, Maider Unda kirolaria, Ines Osinaga musikaria...

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia