Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 13:55

AGENDA;2009-04-17;KOMUNIKAZIOA. Zeuk osatzeko albistegi digitala. Aurkezpen ofiziala egin aurretik probatzen ari dira 'ZuZeu.com' albistari digitala; abian dago herenegundik

Zeuk osatzeko albistegi digitala

Aurkezpen ofiziala egin aurretik probatzen ari dira 'ZuZeu.com' albistari digitala; abian dago herenegundik

Izaskun Beraza.

«Zu zeu gabe jai daukagu», horixe da albistari digital berri honen printzipio nagusia. ZuZeu.com gunearen helburua, erabiltzaileek eurek albistari digital bat egitea da. Horizontalki. Herenegun martxan jarri zuten arte, webgunea bultzatu duen GuGeu enpresa itxian aritu da guztia prestatzen. Baina iritsi da dena probatzeko momentua, eta horretarako sarean lan egitea beharrezkoa da. Eta, bide batez, jendearen iritzia eta proposamenak jasotzeko aukera ere ematen du. «Poliki-poliki aztertuko ditugu horiek guztiak. Eta hobetzeko badira, hobetuko dugu, horretarako gaude», azaldu du Hasier Etxeberria kazetariak. GuGeu irabazi asmorik gabeko ekimeneko partaidea da bera.

Leiho berri bat

Baina zer da ZuZeu? Azken batean, eta bere sortzaileek diotenaren arabera, Internetzale euskaldunok munduari begiratzeko leiho moduko bat. Bide batez, blogen blog moduko bat izateko helburua duena, «nor bere aldetik ibili beharrean, elkarren ondoan hobeto gaudelakoan». Horretarako, baina, erabiltzaileen ezinbesteko parte hartzea beharko du webguneak. Eta dagoeneko hasi dira mezuak, iruzkinak, irudiak, bideoak...jasotzen.

Printzipioz bi erabiltzaile mota izango ditu albistari digital honek. 'Begiraleak' batetik, eta 'Zuzeulariak' bestetik. «Begiraleak dira, nolabait izena dutenak eta norbait direnak gure kazetaritzan, letretan edo gure mundutxoan. Eurak izango dira argitaratuko dituzten lanen erantzule», azaldu du Etxeberriak. «Zuzeulariak, printzipioz, erabiltzaile anonimoak dira. Hasieran zuzendu egin beharko dira beraien testuak, hornitu, ilustratu...eta zergatik ez esan: zaborra badator filtratu», gaineratu du. Hala ere, kudeatzaileen asmoa da, egunen batean Zuzeulari horiek ere Begirale izatea. «Bi edo hiru sarrera txukun egiten dituenean, nolabait bera ere izan dadila autonomo». Hau da, Etxeberriaren hitzetan, GuGeuk tresna bat eskaini eta horren kudeaketa egiten du: «Ez gara hainbeste informazio sortzaileak. Horretarako indar ekonomikorik ez dugulako».

Gauzak mugitzen ari dira

Azken batean, proiektu horizontala da ZuZeu. «Erabiltzaileek egiten dutena izango da. Egiten badute, noski», azaldu du Etxeberriak. Gertatzen dena gertatzen dela ere, ez du uste porroterako tartea dagoenik. «Porrotik ez dago. Gauzak mugitzen ari dira Interneten, baita euskarari dagozkion gauzak ere, eta gu zoriontsu gaude. Orain badago gauza bat lehen ez zegoena, eta eragiten ari da». Mugitzea zen GuGeuren xedea, eta Etxeberriaren ustez helburuak beteta daude.

Internet zale euskaldunen talde baten asmoetatik abiatu zen ZuZeu proiektua. «Konturatu ginen euskaldunek ere beste hizkuntza batzuk ezagutzen dituztela eta ibiltzen garela ingelesez, frantsezez, katalanez... Eta gauza arras interesgarriak ikusten ditugula», azaldu du Etxeberriak. «Hori guztia nolabait gure munduan ez islatzeak pena ematen zigun». Hainbat bide jorratu ostean -Sustaturekin harremanetan jarrita, besteak beste- proiektua abian jartzeko irabazi asmorik gabeko talde bat sortu zuten. «Horixe da GuGeu», azaldu du Etxeberriak. Taldeko partaide indartsuena Digitalak ekoiztetxea da. «Euskalgintzan ibiliak dira, eta beraiekin egin dugu aurrera, proiektu honek enpresa ahalegin bat behar duelako».

 

Proiektua ezin izan da 'Sustatu.com'-ekin elkarlanean abiatu



ZuZeu webgunea bultzatzu duen Internet zaleen taldeak Sustatura jo zuen proiektua martxan jartzeko. Hasier Etxeberriak azaldu duenez, esku artean zuten ideia azaldu zieten: «Mugitu egin nahi genuela, ideia batzuk bagenituela eta panorama apur bat azkartu nahi genuela esan genien». Urtarrilean harremanetan ibili ziren, «azkenean, baina, ezin izan zen elkarlanean jarraitu», azaldu du Etxeberriak. «Proiektuak partekatu genituen, hau da, Sustatuk badaki guk hau egin nahi genuela», azaldu du. «Berak egin zezan proposatu genion, baina ezin izan da». Kazetariaren hitzetan, «arazo estrategikoak» izan ziren tarteko.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia