Samara Velte.
AntzerkigileaEmakumeen aurkako indarkeria du gai nagusi 'Eta Karmele?' antzezlanak, eta gaur taularatuko dute Errenteriako Mikelazulo kultur elkartean. Testuaren egilea zarauztarra da, eta 18 urte bete berri ditu.
«Denok gara indarkeriaren biktima, eta ez bakarrik generoarekin lotutakoarena»
Edu Lartzanguren.
Ama alemaniarra eta aita oriotarra ditu Samara Veltek (Zarautz, 1991). Herenegun 18 urte bete zituen, eta dagoeneko berak idatzitako lan bat antzezten ari dira. Eta Karmele? antzezlanean emakumearen kontrako indarkeriari buruzko gogoeta osatu du idazleak. Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias ari dira lana taularatzen, eta, gaur, 20:00etan, Errenteriako Mikelazulo kultur elkartean arituko dira (Gipuzkoa).
Nola sortu zen emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko antzezlana egiteko ideia?
Emakumearen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira eskatu ziguten antzezlan bat egiteko. Ainhoa Alberdi etorri zitzaidan esanez Samuel Becketten Godoten zain irakurri berri zuela, eta estiloko zer edo zer egingo ote genuen. Azkenean, neronek idatzi nuen. Beckettena irakurri aurretik idatzi nuen Eta Karmele?-ren lehen zirriborroa. Beckettena gero irakurri nuenean, ikusi nuen nireak antza handia zuela. Azaroan estreinatu genuen Zarautzen.
Noiztik idazten duzu?
Txikitatik ez nuke esango, baina Lehen Hezkuntzan ipuinak idazten nituen. Eskola arteko lehiaketetan parte hartzen saiatzen nintzen, eta sariren bat irabazi nuen 10-11 urterekin. Alproja antzerki taldean hasi nintzen 13 urterekin mundu hori ezagutzen, eta gidoiak idazten hasi nintzen. Askoz errazagoa iruditu zitzaidan antzerkia idaztea, narratiba baino. Askoz gehiago pentsatu behar dut narrazioak egiten, zer lortu nahi dudan zehazteko. Antzerkian, testua lanaren erdia da, lan gehiena aktoreek egiten dute testua entzuleengana helarazten.
Antzezten aritua bazara, zergatik ez duzu zerorrek antzeztu zeure bi pertsonaia horietako bat?
Lan handia iruditzen zait. Gustuko dut antzeztea, baina Bigarren Hezkuntza ikasten ari naiz, eta ez nuen astirik; entseguek denbora asko eskatzen dute. Horrez gain, Ainhoa Alberdik dagoeneko pentsatuta zuen Iraia Eliasekin egingo zuela Eta Karmele?. Dena den, jendaurrean gauza asko egin daitezke, eta polita da, baina nik gehiago disfrutatzen dut agertokiaren atzean gauzak sortzen.
Nola jorra daiteke emakumeen aurkako indarkeriaren gai serioa absurduaren antzerkiaren umoretik?
Gurea ez da isilik egoteko garaia. Norberak dituen baliabideak erabili behar ditu esan behar dena esateko, eta antzerkia bide arinagoa izan daiteke jendearengana heltzeko. Nik, behintzat, horrela ulertzen dut antzerkia. Komedia da, baina gai serioa ukitzen du. Jendeak ikusi nahi duenaren eta benetan esan nahi dugunaren arteko oreka bilatu nahi izan dut. Ez dago akzio askorik lanean, ia dena testua da, eta aktoreek lan ikaragarria egin dute hori ikusleei helarazten.
Zure Karmele hori emakumeen kontrako indarkeriaren biktima da?
Gutako edonor izan daiteke. Ez dakigu Karmele hori nor den, baina ideia batekin ateratzen da jendea antzezlana ikusi ondoren: «Nik ezagutzen dut, bada, Karmele». Denok gara indarkeriaren biktima, ez bakarrik generoarekin loturikoarena.
Godot bezala, Karmele ez da inoiz agertokian agertuko?
Ez. Guregan edo inguruan bilatu behar dugu. Emakume oro gara, izan gara edo izango gara Karmele, konturatu edo ez konturatu.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
