Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 13:54

AGENDA;2009-03-11;KOMUNIKAZIOA. Atzerriko adierazpenak azpititulatu egingo dituzte TV3ko albistegietan. CIUren proposamena onartu du Kataluniako Ikus-entzunezko Korporazioko kontrol batzordeak

Atzerriko adierazpenak azpititulatu egingo dituzte TV3ko albistegietan

CIUren proposamena onartu du Kataluniako Ikus-entzunezko Korporazioko kontrol batzordeak

Urtzi Urkizu.

Donostia

Europako hainbat herrialdetako albistegietan atzerriko pertsonen adierazpenak euren hizkuntzetan mantendu eta azpitituluak jartzen dituzte, bikoizketarik egin gabe. Gure inguruko albistegietan, ordea, bikoizketak izaten dira ohikoenak.

Katalunian bikoizketetatik azpitituluetara pasatzeko pausua eman berri dute, CIU alderdiak egindako proposamen bati esker. Joan den ostiralean, Corporacio Catalana de Mitjans Audiovisualseko legebiltzarreko kontrol batzordeak aho batez onartu zuen CIUren proposamena. Horren arabera, Generalitateko hedabide publikoetako estilo liburuetan ezarri beharko da TVCko atzerriko hizkuntzetako adierazpenak katalanez azpititulatzea, eta ez bikoiztea, orain arte bezala.

Meritxell Ruiz CIUko legebiltzarkidea aritu da gaia lantzen, eta bera arduratu da proposamena egiteaz: «Gure legebiltzarkide taldean kezka genuen ikusita Katalunian atzerriko hizkuntzen maila txikia dagoela. Alor ezberdinetatik egin behar da lan, hezkuntzan eta batik bat hedabideetan jendearengan duten eragina dela eta».

Hedabideen esparruan, CIUko legebiltzarkideek ikusi zuten albistegietan gero eta presentzia handiagoa dutela nazioarteko albisteek. «Eta hor ez da normala 10-20 segundoko tarte batean ezin entzutea hitz egiten duenaren ahotsa, baizik eta bikoizketa bat. Guk eskatzen dugu tokian tokiko protagonistak bere hizkuntzan hitz egitean hori entzun ahal izatea, katalanezko azpitituluekin».

Gainontzeko alderdi politikoen aldetik erantzun positiboa izan du CIUren proposamenak. «Baina gure aldetik gauzak bizkorrago joatea nahi genuen. Generalitatekoek transakzio bat egitea eskatu ziguten, prestatzen ari diren estilo liburuan gaia sartzeko». Ruizek espero du atzerriko adierazpenen azpitituluak datorren denboraldi hasierarako martxan egongo direla Kataluniako telebista publikoko albistegietan.

«Jendeak atzerriko hizkuntzak jakitea behar dugu. Ez daitezela soilik eskoletan eta akademietan gelditu. Baizik seta zabalpen handiago bat egon dadila, eta horretan komunikabideek eginkizun handia dute».

Europako Kontseiluak herrialdeei gomendatu die neurriak proposatzeko, atzerriko hizkuntzen ezagutza zabaltzeko. CIUko legebiltzarkideak AEBetako hauteskunde kanpaina jartzen du adibide moduan: «Ez zeukan zentzurik Obamaren eta McCainen hitzak euren ahotsetik inoiz entzuteko aukera ez izatea. Erabaki honek, gainera, mundura zabal gaitzake, hizkuntza asko baitaude. Hitz batzuk ikasteko aukera ere izan dezakete ikusleek». Filmak jatorrizko bertsioan azpitituluekin ematea ere onuragarria litzatekeela uste du legebiltzarkideak.

ETBn bikoizketak

ETBko albistegietan bikoiztu egiten dituzte atzerriko adierazpen guztiak. Katalunian egindako aldaketa ETBn egitea posible litzatekeen galdetu du BERRIAk, eta EITBko zuzendaritzakoek adierazi dute «gaia ondo aztertu eta Katalunian nola funtzionatzen duen» ikusi behar dutela.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia