Euskarazko hamabi blogez osatutako sarea dute Alegian (Gipuzkoa): Txintxarrisfera. Sare sozial bat ere sortu dute, Txintxarri Media, eta iaz euskal blogosferan bigarren lekuan aukeratu zuten.
Alegiatik mundura, blog bidez
Urtzi Urkizu.
Gipuzkoan dago Alegia, Tolosatik gertu. Herri txikia da, 1.800 biztanle baino ez ditu. Euskal blogosferan, ordea, bere lekutxoa egin du Txintxarrisfera sareari esker (http://txintxarris- fera.ning.com). Dozena bat blog sortu dituzte bertako herritarrek, guztiak euskaraz. Eta euskal internautek webgunerik onenen artean aukeratu zuten zortzi@2008 ekimenean; bigarren postua lortu zuen.
Iñigo Balerdi informatikaria dago tokiko blogosfera aberats horren atzean, beste batzuen artean. Pixkanaka-pixkanaka sortu da Txintxarrisfera. 2006. urtean, Balerdi herriko eskolara gerturatu eta han blog pare bat sortu zuten, bata eskolakoa eta bestea ikasleena. Irrati txiki bat ere sortu zuten ikasleek (egun haietako saioak sarean entzun daitezke, http://txintxarriirratia.blogspot.com helbidean). Hainbat herritarri euren bloga sortzeko gogoa sortu zitzaion, eta ugarituz joan ziren.
«Asmoa zen gure kontuak geure erara esatea. Gauzak ikusten ditugun bezala idaztea», azaldu du Iñigo Balerdik. Gizabanakoen blogen ondoren, taldeenak heldu ziren denborarekin. Bertso eskolak sortu zuen berea, abesbatzak beste bat. «Gure Internet partikularra sortu genuen, eta sustatzeko izen bat eman genion».
Wikia eta sare soziala
Hamabi blog daude egun Alegiako blogosfera partikularrean. Sortutako azkenetako batek baserriko kontuak zabaltzen ditu (http://gotzenetik.blogsome.com). Txekorra noiz jaio den, ukuiluko lanak nola doazen eta barazkiak noiz landatu behar diren kontatzen dute. Ilargiak baserriko lan eta ohituretan zer eragin duen ere azaltzen dute.
«Alegia inguruan diren udalik gabeko herriek Txintxarrisferan beren lekua dutela ere nabarmendu nahi dugu», azpimarratu du Balerdik. «Bedaio, Ugarte eta Aldabako herritarrekin harremanetan gaude. Bestetik, gure artean ez dugu lotura ideologiko edo organikorik ezertan, eta ateak denentzat zabalik ditugu».
Blog kopurua nola handitu zen ikusita, elkarrekin wiki bat egitea erabaki zuten 2007. urtean (http://txintxarrisfera.wikispaces.com). Hor azaleko orrian blogetako azkeneko posta ageri da. Norberak bere blogean idazten duena wiki horretan agertzen da. «Blogak zentralizatzea polita izan zen. Baina, horrez gain, Alegia 2.0 ekimena abiatu genuen, auzolan digitalak deitu genuena. Gure ikuspegi lokala mundura zabaltzeko bideak sortu genituen, gauzak partekatuz». Auzolan digital horien barnean, geolokalizazioekin hasi ziren; argazkiak, bideoak eta bideak geolokalizatu dituzte, koordenadak emanez. Hiztegi bat sortu dute, Alegia inguruko hitzak gordetzeko helburuarekin. Kontu kontari izeneko auzolanean, berriz, inguruko aitona-amonen kontuak eta kantak erregistratzen ari dira. «Horrez gain, herriko historia ez-ofiziala gure erara ari gara kontatzen, inolako patroiriri jarraitu gabe. Auzolan digital hauek indarra hartzen ari dira, gu hacktibista glokalak bilakatuz».
Wikian eskola moduko bat sortu dute, Interneteko terminologia erakusteko herritarrei. Bide horretatik, formakuntza saio presentzialak egiten dituzte.
«Argazki eta bideoentzako leku gehiago izateko, Txintxarri Media sare soziala sortu genuen (http://txintxarrisfera.ning.com). 44 kide daude bertan. Eta iaz euskal blogosferan ekarpenik handiena egin dutenen artean bigarrenak aukeratuak izatearekin oso harro gaude», aitortu du Balerdik.
Hala eta guztiz ere, ez dute Alegiako blogariek «autista» moduan gelditu nahi, eta beste leku batzuetako adibideetatik gauza onenak hartu nahi dituzte. «Blogekin Eibarren bada mugimendu bat, eta beste bat Larrabetzun. Era berean, espero dugu gurea beste herri txiki batzuentzat eredu izatea».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
