Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 13:49

AGENDA;2009-02-19;«Jendea aspertu egiten da gure saioetan, baina guk egin behar duguna egiten dugu». 'Hotsune Enea Ene! Ene! Unea Hotsunene??' kontzertu-instalazioa emango du gaur errenteriarrak Loty Negartirekin batera, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Ez dute emanaldia berriz egingo. Oier Iruretagoiena. Musikaria

Oier Iruretagoiena.

Musikaria

'Hotsune Enea Ene! Ene! Unea Hotsunene??' kontzertu-instalazioa emango du gaur errenteriarrak Loty Negartirekin batera, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Ez dute emanaldia berriz egingo.

«Jendea aspertu egiten da gure saioetan, baina guk egin behar duguna egiten dugu»

Edu Lartzanguren.

Tüsüri izenarekin plazaratu ditu bere lanak Oier Iruretagoiena musikariak (Errenteria, Gipuzkoa, 1988). Loty Negarti sortzaile getxotarrarekin (Aitor Izagirre), soinu-esperimentazio lan bat aurkeztuko du gaur, 19:30ean, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Hotsune Ene! Ene! Unea Hotsunene?? izeneko piezan, inprobisazio elektronikoa erabiliko dute haiek kontzertu-instalazio gisa definituriko emanaldian.

Loty Negartirekin ari zara azken boladan. Zergatik erabaki duzu sortzaile elektronikoaren bakardadea albo batera uztea?

Lagunak gara eta antzeko interesak ditugu. Modu naturalean atera da elkarrekin zer edo zer egitea. Oso ongi ulertu dugu elkar lanean aritzeko orduan. Dagoeneko bigarren kontzertua da hau. Aurrekoak Tiempo de dar. Emonaldia zuen izenburua eta denborarekin jokatzen zuen. Oraingoak espazioa du oinarri.

Zuen emanaldiak kontzertuak baino gehiago dira, berriz gertatuko ez diren ekitaldi bakarrak direlako?

Kontzertu bakoitza bakarra da. Ez dugu berriz egin nahi izaten kontzertu bera, ez eta izenburua berriz erabili nahi. Testuak idaztea eta izenburuak jartzea kontzertuaren parte dira guretzat, eta gozatu egiten dugu. Ez dugu berriz egingo emanaldi hau, ez luke graziarik izango.

Aspertzen zaituzte musikari gehienek duten dinamikak ala?

Inprobisazioa interesatzen zaigu bioi. Arrisku hori hartu dugu, eta horrekin gozatzen dugu. Kontzertu bakoitza erronka da horrela.

Kontzertu-instalazioa egingo duzuela esan duzue. Zer da hori?

Espazioa landu nahi izan dugu, baina musika denez, denbora ere hor egongo da. Hots hitza eta enea daude izenburuan, soinuak espazioan. Objektu batzuk egongo dira, soinua ateratzen dutenak, espazioan antolatuta. Espazioak izan dezakeen oihartzunarekin jolastuko gara. Aretoa bera protagonista izango da.

Entzuleen parte-hartzea interesatzen zaizue?

Aulkiak jarriko ditugu. Jendea eserita egon ahalko da. Izan ere, esperientziak erakusten digu aulkiak jartzen ez baditugu eta jendeari libre ibiltzen utzen badiogu askoren erreazkzioa izango dela izkina batean paretaren kontra jartzea eta kontzertu osoan hor geratzea. Jendea bana dadila nahi dugu; horregatik jartzen ditugu aulkiak, baina egokiena, betiere, entzulea altxatzea eta aretoan ibiltzea izango litzateke. Hori da jendeari egiten diogun gonbita: kontzertua mugimenduan entzuteko.

Zuen musika aski minimalista izaten da. Musika asko mugitzen ez denez, entzuleak mugitzea nahi duzue?

Soinuak nahiko antzekoak izango dira hasieratik amaierara. Ez ditugu soinu asko nahastuko, soinu mota zehatz batean jarriko dugu arreta.

Ez al da jendea aspertzen halako musika emanaldietan?

Bai, aspertu, aspertu egiten da jendea, baina guk egin behar duguna egiten dugu. Ezin gara ibili pentsatzen entzuleari zer gustatuko zaion. Sortzaile gisa egin behar duguna egin behar dugu, eta geure buruarekin bakean egon behar dugu. Iritsiko gara iristen garen pertsonengana, bost badira, bost, eta berrogei badira, berrogei. Entzuleek jarri beharko dute bere aldetik, eta inplikazioa eskatzen diegu, haiek bukatzeko kontzertua.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia