PuntuEus ekimena
Banda zabalean
Iker Balentziaga
Garai batean, munduko hizkuntzen aniztasuna azaltzeko, Babelgo Dorrearen kondaira erabiltzen zen. Egun, ordea, Internet dugu hizkuntza zein kultura aniztasunaren ispilu, munduan diren hizkuntza eta kultura guztiak Interneten baitaude. Are gehiago: Interneten ez dauden hizkuntzak ez dira existitzen gainontzekoentzat, gaur egun sarean ez dagoenak ez baitu izaterik, alegia.
Guk, dena den, ez dugu kezkatzeko arrazoirik, Babel digital horretan euskarak bere lekutxoa egin eta gero eta presentzia handiagoa baitu. Interneten euskara hizkuntza bizia baita, eta euskaldunona, komunitate aktiboa. Horrela, Interneten gure hizkuntzan aritzen diren komunikabideak, blog komunitateak, sare sozialak, argazkiak kudeatzeko aplikazioak eta bideoak biltzeko zein partekatzeko guneak topa ditzakegu, besteak beste. Euskarak eta euskal kulturak, beraz, sarean badute izanik, badute existentziarik. Izanari izena jartzea falta zaigu, ordea.
Horretarako eratu zen, hain zuzen, berriki aurkezpen ofiziala egin duen PuntuEus elkartea (http://www.puntueus.org); alegia, ICANNi, Interneteko helbideak kudeatzen dituen elkarteari, webean «Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen ikur edo sinbolo izango den .eus domeinua eskatzeko». Horrek, sareko espazio birtual horretan, gure hizkuntza beste hizkuntzen mailan kokatu eta gure kulturari nazioarteko aitorpena eskainiko baitie. Laburbilduz, euskara eta euskal kulturaren Interneteko izanari izena jarriko diola, alegia.
PuntuEus elkarteak eskuratu nahi duen .eus domeinua Interneteko TLD (top level domain) edo lehen mailako domeinu orokor bat da, .com, .net eta .info diren bezala. Baina badu berezitasun bat: .eus hori domeinu babestua da: komunitateek eskatzen dituzten domeinuak dira horiek, eta komunitateak berak arduratzen dira, ondoren, domeinuak kudeatzeaz. Mota horretakoa da, adibidez, Interneten katalanaren eta kultura katalanaren ikurra den .cat domeinua, ICANNek 2005ean onartu eta hizkuntza eta kultura komunitateen identifikaziorako domeinuen bidea zabaldu zuena, alegia.
Beraz, katalanek irekitako bideari ekin eta bi urte barru, gutxi gorabehera, jakingo omen dugu .eus onartzen duten edo ez. Bitartean, PuntuEus elkartearen webean eskaerarekin bat egin dezakezu; euskal komunitate aktibo bat badagoela erakus dezakezu.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
