Gabrielle Duplantier. - Argazkilaria
Baionako artistaren 30 bat argazki Bernardo Atxagaren testuekin elkartu eta 'Ikuspegi Goxoak' erakusketa sortu dute. Bilboko Fnac saltokian izango da urtarrilaren amaiera arte.
«Beste Euskal Herria agertzen zait kamerarekin: misteriotsua eta iluna»
Edu Lartzanguren
Gabrielle Duplantier argazkilariak (Baiona, 1978) Ikuspegi Goxoak izenburuko erakusketa jarri du Bilboko Fnac saltokian, urtarrilaren 31 arte. Euskal Herriaz duen ikuspegia ematen du artistak. Duplantierren argazkiek Bernardo Atxagaren testuak dituzte lagun.
Margolari hasi zinen. Nola heldu zinen argazkigintzara?
Arte ikasketak egin nituen, baina batez ere, margoa eta eskultura ikasi nituen. Niretzat eta lagunentzat egiten nituen argazkiak. Baina poliki-poliki, eta lagunek bultzatuta, horretan aritu naiz buru-belarri azkenaldian. Argazkigintza eskola batean ikasteko diru laguntza eskaini zidaten, baina uko egin nion horri. Beldur nintzen horrek aritzeko poza kenduko zidala. Margogintza izugarri maite nuen, baina irakasleek eta teoriak gorrotatzera bultzatu ninduten. Denbora asko behar izan dut nire idazkera topatzeko, neurea den bidea, aspertuko ez nauena.
Horrek azaltzen du zure argazkiek duten pintura kutsua?
Ez dut errealitateaz hitz egin nahi, nahiz eta irudietan errealitateko gauzak egon. Errealitatetik urruntzen nauen iragazki bat dago. Koadroak eta irudi ederrak egiteko erabiltzen dut argazkigintza. Argazkia, marrazkia edo margolana izatea, hori ez da niretzat garrantzitsua.
Zergatik aukeratu duzu zuri-beltza adierazpide gisa?
Zuri-beltza aurkikuntza izan zen niretzat, xehetasunak kentzen dituelako eta muina uzten duelako agerian. Ekonomia zela-eta hasi nintzen, ordea. Izan ere, zuri-beltzeko argazkiak neronek errebela nitzakeen askoz merkeago. Azkenean, gaur argazkigintzaz pentsatzen dudanean, zuri-beltzaz pentsatzen dut.
Tenebrista, fokutik kanpo... Horrela ikusten duzu Euskal Herria?
Ez, ez dut horrela ikusten, baina horrela agertu zait argazki kamerarekin: misteriotsua, iluna. Nire ikerketa pertsonala beti dago iluntasunez beteta. Ez dakit zergatik. Psikoanalitikoa izango da. Itxura baina harago joan nahi dut beti. Euskal Herriaren inguruko lana egiteko, bi edo hiru urte behar izan ditut, niretzat zentzua duten 30 argazki lortzeko. Beste Euskal Herria agertzen da hemen: neurea. Halere, zuri-beltza izanik eta denboraz gaindiko paisaiak izanik, edozein herrialde izan zitekeen.
Zure aburuz, ongi dagozkie irudiei Bernardo Atxagaren testuak?
Argazkiak eta testuak lotzeko ideia Italian sortu zen. Nire erakusketa batean lagun batek esan zuen nire irudiei begira Atxagaren testuak etortzen zitzaizkiola burura. Nik ez dut inoiz Atxaga bera ezagutu, eta bere lana gutxi ezagutzen nuen argazkiak egin nituen garaian. Beraz, beste batek irudikatu du hau guretzat. Halere, uste dut Atxagaren unibertso poetiko apur bat surrealista bat datorrela irudiekin.
Euskal Herriari eskainiriko argazki saila handitzen jarraituko duzu?
Bai, egitasmoak aurrera jarraitzen du. Jendea, bideak eta paisaiak iradokitzaileak dira oraindik. Nire gaiak oso sinpleak dira: emakumeak eta paisaiak. Paisaietan, Euskal Herria dut etxeko atarian. Indiara aurki lehen aldiz joateko asmoa daukat, eta argazkiak aterako ditut. Betiere, emakumeak eta paisaiak, baina munduaren beste puntan.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
