Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 13:49

AGENDA;2009-01-13;EKOGRAFIAK. Errazu euskaraz

Errazu euskaraz

Ekografiak

Izibene Oñederra

Urte berriak promesten ditu, usadioz aldaketak. Ez naiz ari, bukaeraren leloak eraginda edo, norberari agintzen dizkiogun sasipromes modukoez; pare bat hilabeteren bueltan, zorionez, burutik askatzen zaizkigunak. Aitzitik hilabete luzeetan izango ditugu gurekin egunotan telebistatik kosk egin nahian dabiltzan berrikuntzak.

Estreinaldiz jantzita dabiltzalako kate guztiak, gutxi-asko. Eta igande iluntzean otu zitzaigun Euskal Telebistako hasi berri bati begia botatzea. Atentzioak irrist egiten zigula, nagiak ordurako eguna lautua baitzigun. Nahierara ibili gintuen Iban Garatek. Gogoz kontrako konplize egin ostean ondoa. Esan biharamuna, bestondoa, mozkorrondoa edota ajea. Tokian tokiko esapidea nabarmenduz, osatu zigun hiztegi konplexua, ia-ia nahigabe bezala. Mutil honek kamerak maitemintzeko duen abilezia naturalaz.

Errazu saioa euskararen ingurukoa da, eta hiztuna aurkitzen den tokian aurkitzen dela, dela Gipuzkoa aldeko baserri bateko etxekoandrea, izan sukalde txik bateko burua, hitzak du protagonismoa. Astun suertatu gabe, darabilten elkarrizketen gaindiko parafernaliak erraztu egiten du ildoa jarraitzea eta hitz berriak, hizlarien arbasoetatik helduak, kaskezurrean katigatzea. Bai euskaldun berriari, bai adinean aurrera doan euskaldun zaharrari ere. Grafiak pantailan izoztuak gelditzen baitira, erraten ari direnaren haria hautsi gabe; eta marrazkiekin jakingarriak irudikatzen.

Esaterako, behiaren disekzioa egin digute, barrenak erakusten, marruka dabilen benetakoaren gainean, akordatu naiz umetako liburuez, non gaika banaturiko ilustrazioetan milaka objektu izendatzen ziren detaile txikienera arte.

Eta tarte guztian aurkezlea ez da isildu, hitz-jario itzela du. Klaseko lehenaren aurrean egotearen ernega sortzen dit. Sinpatikoa da, ume axkarraren alproja kutsuarekin, badaki ziri gutxi sartu ahal zaion amamaren aitzinean bere burua apopilo eskaintzen. Hitz egokia mingain puntan, ziztuan botatzeko prest.

Beste euskal kazetariak datozkit gogora, nire gusturako momentuka nekagarriak direnak, komunikazioan maisu izanagatik, baikorregiak, zoriontsuegiak apika. Saioa natural izanda erakargarria ere bada eta derrigortu gabe familia guztiak ikusteko tamainakoa. Gabeziekin jolasean, pittinka. Emango du esatekorik datozenetan ere!

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia