Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 13:48

AGENDA;2008-12-23;ĞEzin da onartu irakasle bat haurren tokiko euskara zuzena zuzentzen hasteağ. 'Zertan da etxeko euskara?' hitzaldia emango du gaur EHUko irakasleak Leitzan, 19:00etan, Liburutegian. Batuera eta euskalkien arteko oreka bilatu beharraren inguruan jardungo du. KOLDO ZUAZO. Hizkuntzalaria

Koldo Zuazo - Hizkuntzalaria

'Zertan da etxeko euskara?' hitzaldia emango du gaur EHUko irakasleak Leitzan, 19:00etan, Liburutegian. Batuera eta euskalkien arteko oreka bilatu beharraren inguruan jardungo du.

«Ezin da onartu irakasle bat haurren tokiko euskara zuzena zuzentzen hastea»

Edu Lartzanguren

Koldo Zuazo (Eibar, Gipuzkoa, 1956) euskaltzaina eta EHUko irakaslea da. Zertan da etxeko euskara? hitzaldia emango du, gaur, 19:00etan, Leitzako (Nafarroa) liburutegian.

Zergatik ikusten duzu beharra «etxeko» euskaraz mintzatzeko eta zergatik Leitzan?

Alde batetik erakutsi nahi dut euskara batuak zein ondorio positibo ekarri dituen, baina, bestalde, herri hizkerek zein ondorio positibo dituzten nabarmendu nahi dut. Azken batean, gauza bat argi utzi nahi dut: euskara batua ezinbestekoa da, oso tresna ona da, baina bere esparruak ditu, eta, horren ondoan, herri hizkerek ere euren esparruak dituzte.

Batuera sartzeko orduan ondo jokatu ez dela uste duzu?

Azken urteotan obsesionatu egin gara euskara batua aurrera ateratzeko nahi horrekin, eta ez ditugu bereizi eremu euskaldunak eta eremu erdaldunak. Berdin jokatu dugu Tuteran edo Leitzan. Horretan aldakuntza bat egin behar dugu. Transmisioa oso garrantzitsua da, eta buruan sartu behar dugu hizkuntza bat ez dela eskolan ikasten, baizik eta etxean eta kalean lagunekin. Herri euskaldun batean, esparru horietan herriko hizkera erabiltzen da.

Baina zu harago zoaz; batuera bera moldatu behar dela esaten duzu...

Euskara batuak malgua izan behar du. Ezin da berdin jokatu Zuberoako ikastola batean eta Leitzako ikastolan. Ezin da berdin jokatu BERRIA egunkarian, Euskal Herri eta mundu zabal osorako delako, eta Tolosaldeko Hitza-n. Azken horretan beste hizkera bat erabili behar da, nahiz eta batueraz egon: Tolosaldean eta Leitzan saltzen bada, horko hiztegiari, egiturei eta esapideei lekua egin behar zaie. Beste batuerak erabili behar dira herri euskaldunetako udaletxeetan, lantegietan, anbulatorioetan, aldizkarietan... Tokiko batuera esaten diot horri.

Alda daitezkeen gauzen eta aldatu ezin direnen arteko muga ezartzea ez al da oso zaila izango?

Hiztegia eta esapideak aldatu daitezke gehienbat. Horrez gain, Euskaltzaindiak ez du inoiz esan geroaldian «joango» esan behar denik nahita ez; «joanen» ere batuera da eta hala esaten dute Leitzan. Beraz, ez du zentzurik hango eskoletan haurrei «joanen» esaten erakustea. Euskaltzaindiak berak aukerak eman ditu askotan, eta beste hainbatetan, ez du erabaki argirik eman. Hori baliatzen jakin behar dugu.

Nola konpondu hori, ordea. Tokian tokiko irakasleak jartzea posible al da?

Ezinezkoa da hori eskoletan egitea. Beharbada, ikastoletan hobeto lor liteke. Dena dela, kanpotik datozen irakasle horiei esan beharko litzaieke herri euskaldun batera etorri direla eta herri horretan badagoela hizkera bat eta horri begirunea izan behar diotela. Ezin da onartu irakasle batek Leitzako euskara zuzena zuzentzen hastea. Bizkaian askotan gertatu dira halakoak, asteko egunekin esaterako: martitzena, eguastena, eguena eta halakoak zuzendu egin dituzte eta lau eta bost urteko haurrei lehenengo egunetik buruan sartu zaie astelehena, asteartea eta asteazkena esan behar direla. Haurrek orduan konfiantza galtzen dute euren hizkuntzan. Gaizki ibili gara azken urteotan eta oraindik bide luzea dugu egiteko.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia