Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 13:48

AGENDA;2008-12-12;«Euskara nola aldatu den ikustearen beldur dira euskal linguistak» . RICARDO ETXEPARE . Hizkuntzalaria

Ricardo Etxepare - Hizkuntzalaria

«Euskara nola aldatu den ikustearen beldur dira euskal linguistak»

Edu Lartzanguren

Ricardo Etxepare (Irun, Gipuzkoa, 1968) hizkuntzalariak Iker Euskarari eta Euskal Testuei Buruzko Ikerketa Guneko zuzendaria da. Ikerrek antolatuta, Aldaketak, aldaerak, bariazioak euskaran eta euskal testugintzan nazioarteko mintegia egingo da gaur eta bihar, 09:15etik aurrera, Baionako Gaztelu Berrian. Bi urtean behin antolatzen dituzte mintegiak, eta mundu osoko adituak biltzen dituzte. Aurten, 31 aditu izango dira. Aldaerak, aldaketak eta bariazioak hizkuntzan zein testugintzan.

Zergatik aukeratu duzue aldaketa gai gisa, euskararen inguruko nazioarteko mintegia antolatzeko?

Hizkuntza aldetik aztertu nahi izan dugu normalean bazterrean uzten den kontu bat: euskararen barneko hizkuntza bariazioa. Azken 30 urteotan, iparraldean bereziki, euskara tradizionala deitzen dugun hori, harremanetan sartu dela bai frantsesarekin bai euskara estandarrarekin, eskolaren eta komunikabideen bidez. Horrek hainbat aldaketa ekarri ditu, eta euskal hizkuntza paisaia zertan aldatu den aztertu nahi dugu; hau da, horrek zertan ukitu duen egiten den euskara, gizartearen hainbat ataletan. Inor gutxi arduratzen da Euskal Herrian hizkuntza ukimenak ekarritako hizkera berriez, eta hori ez da horrela beste tokietan.

Zergatik ez dute euskal hizkuntzalariek hori jorratzen?

Alde batetik ikasketek euren inertzia dutelako, baina nire susmoa da beldur pixka bat ere ematen duela ikusteak hizkuntza nola aldatu den eta nola bizi den gazteago den jendearen ahotan, elebitasun egoera etengabeak horrek uzten duen aztarna euskaran.

Aldaketa horiek kutsadura edo higadura gisa ikusten dira, baina zuek aberastasun gisa ikusten dituzue?

Aberastasun gisa baino gehiago, ezinbesteko egoera gisa ikusten dugu. Euskara biziko da egoera eleaniztun batean. Hizkuntzak ukitzen dira burmuin bakoitzaren barnean, ez da soilik gizartean gertatzen. Halere, ez da gauza berria. Euskararen historian nabarmena da inguruko erromantzeek utzi duten aztarna. Orain hasi gara hori ezagutzen, gure mintegian hitz egingo duten hizkuntzalari gazte batzuei esker, Julen Manterola, esaterako. Aldaketa hori azeleratuta dago gaur, eta bere arriskuak ditu, etenak sor ditzakeelako hizkuntzaren paisaian, baina horrekin bizitzen jakin behar dugu, eta, horretarako, aztertu behar dugu.

Hori aztertuta, jakin genezake euskara nolakoa izango den demagun 20 urte barru?

Badago modu bat: gazteek egun zer egiten duten aintzat hartzea eta ikertzea. Ez dago halako ikerketarik batere, nik dakidala. Norantz egitasmoa hasi du Iker guneak azken urtean. Izenburua esanguratsua da, eta ekimenaren helburua gazteen euskara ikertzea da.

Lehen ondorioak plazaratuko dituzue mintegian?

Ez dugu ondorio bat aterako bariazioaren inguruan, baina bai hizkuntza paisaiaren inguruan. Hemengoak balioko du argazki bat ateratzeko: bariazioa non dagoen, zer motakoa den, zein zabalera hartzen duen eta nola transmititzen den.

Bariazioak literaturan duen eginkizuna aztertuko duzue. Bide bat izan al daiteke hori bariazioak hizkuntzan duen eragina aztertzeko?

Diziplina bakoitzak bariazioa aztertzeak alor bakoitzean zer aurrerabide ekar dezakeen ikusten lagun dezake. Ricardo Gomezek Oihenarten testuak aztertuko ditu, haiek argitaratzeko orduan izan diren aldaketak erakusteko. Hizkuntza zein testua bizia dagoen seinale da bariazioa, zalantzarik gabe.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia