Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 13:47

AGENDA;2008-11-26;«Euskararen etorkizunak hiru gako ditu: lege babesa, borondatea eta sedukzioa». Euskarak XXI. mendera begira dituen arriskuez eta aukerez mintzatuko da gaur filologo eta sortzaile zarauztarra Donostian, 19:00etan, Ernest Lluch kultur etxean (Anoeta estadioa). ANDONI EGAñA . Bertsolaria

Andoni Egaña - Bertsolaria

Euskarak XXI. mendera begira dituen arriskuez eta aukerez mintzatuko da gaur filologo eta sortzaile zarauztarra Donostian, 19:00etan, Ernest Lluch kultur etxean (Anoeta estadioa).

«Euskararen etorkizunak hiru gako ditu: lege babesa, borondatea eta sedukzioa»

Edu Lartzanguren

Andoni Egaña (Zarautz, Gipuzkoa, 1961) filologoa eta bertsolaria da. Bertsogintza ikertu du, eta jarduera horren inguruko teoria jorratu. Azken urteotan idazle, gidoilari eta irakasle ari da. Euskararen erronkak XXI. mendean hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean.

Euskara mende honetan... Zein da zure diagnostikoa?

Ez dut izenburua nik jarri, eta ez dut gustuko, erronka hitza ez dagoelako ondo erabilita. Erronka jo egiten da; ez da substantiboa eta ez da apustuaren sinonimo, ezta gutxiagorik ere, nahiz eta azken boladan leku guztietan horrela agertu. Nire begirada botako diet egungo gizarteari eta euskarak horretan duen lekuari, beharrei, indargunei eta ahulguneei.

Ahulguneekin hasteko, adibideak?

Egoera ez da homogeneoa gure lurralde osoan, eta ez soilik arrazoi historikoengatik, baizik eta legez ere ez delako berdin tratatua. Beste ahulgunea erabilera da. Begi bistakoa da legeak ez duela ezer ziurtatzen, baina lege babesik ezean ez daukagu etorkizun oparorik.

Euskarak dituen indarguneekin badago ahulgune horiei buelta ematerik?

Oraindik badago komunitate bat euskaraz bizi dena, eta jendea euskara ikasten ari da. Kultura aldetik produzitzen ari da komunitate hori. Nire ustez, badago buelta ematerik egoerari, baina horretarako txip batzuk aldatu beharko ditugu. Ni frankotiratzaile bat naiz; ez naiz hizkuntza politikan eragina duen inor, eta ez dut izan nahi, gainera. Nire ideiek ez dute asko balio, eta ez dut nahi asko balio izan dezaten. Edonola ere, begirada bota dezaket beste askok bota ez duten lekura. Ertzetik ere izan daitezke ideiak, estranbotikoak batzuentzat, baina, akaso, zuzenagoak. Frankotiratzaileon abantaila hori da, posizio hori hartzea bizimodu bati uko egitearen truke.

Ez duzu uste irudimen krisia dagoela euskalgintzan eta euskal kulturan, oro har?

Ez dut uste. Irudimen aldetik egin daitezkeen gauzak egiten ari gara, bai irakaskuntza arautuan, bai helduen euskalduntze-alfabetatzean, bai gure kultur produkzioan. Alde horretatik, abian goazen herri bat bagara. Halere, deskarrilamendu txiki batzuk izaten ditugu. Horiek nola eta zergatik gertatzen diren aztertu beharko dugu.

Euskarak hobeto hasi du XXI. mendea XX.a baino?

Borondatearen aldetik hobeto, dudarik gabe. Orain ez dago euskaldun elebakarrik; beraz, euskaraz egiten dugun une oro aukera egiten ari gara. XX. mende hasieran, euskaldun multzo handi bat zegoen euskaraz egiten zuena besterik ez zekielako. Askotan ahaztu egiten zaigu zein garrantzitsua den gaur egungo euskaldunon borondatea. Plus bat da, eta harro egon beharko genuke.

Ez al da arriskutsua hizkuntzaren geroa borondatean oinarritzea?

Noski, txanponak bi aldeak ditu. Borondate hori legez eta abarrez babestuta egon behar du, eta, gainera, hori ez da aski. Seduzitu egin beharko dugu jendea. Etorkizunak hiru gako ditu: lege babesa, borondatea eta sedukzioa.

Nola seduzitu seduzitua izan nahi ez duena?

Ekinean eta pixkanaka, hurbilduz eta nahastuz. Horrela gertatzen dira aldaketak.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia