Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 13:47

AGENDA;2008-11-18;«Sarri mintzo gara euskal estatu independenteaz; ez, ordea, haren antolaketaz». 'Zer Errepublika?' jardunaldiak abiatuko dira gaur Donostian, Alfonso Sastre eta Arnaldo Otegiren hitzekin. Osteguna arte, Euskal Herriko zein atzerriko hizlariek kontzeptuaren inguruan hausnartuko dute. XABI PUERTA . Alfonso Sastre Elkarteko koordinatzailea

Xabi Puerta - Alfonso Sastre Elkarteko koordinatzailea

'Zer Errepublika?' jardunaldiak abiatuko dira gaur Donostian, Alfonso Sastre eta Arnaldo Otegiren hitzekin. Osteguna arte, Euskal Herriko zein atzerriko hizlariek kontzeptuaren inguruan hausnartuko dute.

«Sarri mintzo gara euskal estatu independenteaz; ez, ordea, haren antolaketaz»

Edu Lartzanguren

Xabi Puerta (Irun, Gipuzkoa, 1959) antzerkigilea eta telebista errealizadorea da. Horrez gain, Alfonso Sastre Kultur Elkartea koordinatzen du. Zer errepublika? gogoeta eta eztabaida jardunaldiak antolatu ditu ASKE elkarteak osteguna arte, Donostian. Gaur hasiko dira Alfonso Sastreren beraren eta Arnaldo Otegiren hitzaldi banarekin. 19:00etan, Koldo Mitxelena Kulturunean.

Zergatik hartu duzue errepublika jardunaldien aurtengo gaitzat?

Badira 13 urte hasi ginela jardunaldiokin. Hasiera batean soilik antzerkigintzaren ingurukoak baziren, azken urteotan gaiak zabaltzea erabaki dugu, eta gizarteko zein politikako gai sakonetan zentratu gara. Utopia landu genuen aurreneko batean, intelektualek errealitatearekin duten konpromisoaz hausnartu dugu, komunikabide alternatiboak... Kasu honetan, errepublika kontzeptuaz galdetzea erabaki dugu. Noski, Espainiako Estatuan badirudi errepublikaz hitz egitea soilik Espainiako Errepublikaz hitz egitea dela edo Bigarren Errepublikaz. Haatik, beste ereduak kontuan har daitezke, besteak beste Euskal Estatu Errepublikanoa sortzea, batek baino gehiagok nahi duguna, alegia.

Zergatik da hobea errepublika, estatu bat antolatzeko orduan?

Guk ez dugu hori aldez aurretik ebazten, horretaz hausnartu nahi dugu. Euskal Herrian sarri hitz egiten da burujabetzaz eta independentziaz, baina ez da hitz egiten nola antolatuko litzatekeen estatu independentea. Neuri ez zait bururatzen errepublika ez den beste antolakuntza politikorik.

Alfonso Sastre eta Arnaldo Otegi aukeratu dituzue jardunaldiak zabaltzeko. Zergatik aukera horiek?

Alfonso Sastrek zabaltzen ditu gure jardunaldiak. Haren ahotsa entzuteak beti merezi du, haren irismen intelektuala dela eta. Ez dago esan beharrik Arnaldo Otegi gure herriko buruzagi politiko nagusietako bat dela azken urteotan. Eztabaida gaiarekin guztiz bat datorren aukera da, besteak bezala, esaterako, Angeles Maestro Ezker Batuko Corriente Roja taldeko gidaria eta Carlo Frabetti Italiako idazle eta matematikaria. Venezuelako ordezkari bat ere izango dugu, hango errepublika bolivartarraren esperientzia azaltzeko.

Azken urteotan badirudi zabaltzen ari dela errepublikanismoarekin bat egiten dutenen espektro politikoa...

Gaur errepublikaz hitz egitea adjektiborik jarri gabe ezer gutxi esatea da. Errepublika bai, baina zer motatako errepublika? Errepublika sozialista, bolivartarra, Venezuelan dioten bezala? Izen gisa ez du ezer balio. Ameriketako Estatu Batuak ere errepublika dira. Errepublika kontzeptu hutsak ez du dagoeneko azaltzen norberak zer egin nahi duen.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia