Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 13:47

AGENDA;2008-11-07;KOMUNIKAZIOA. «Web aplikazioen bilgune izateko bokazioz sortu dugu egitasmoa». 'Publikatu.com' iragarki sarearekin Arraytxiki Web Laborategia aurkeztu dute Gorka Juliok eta Haritz Rodriguezek. GORKA JULIO. Informatikaria

Gorka Julio - Informatikaria

'Publikatu.com' iragarki sarearekin Arraytxiki Web Laborategia aurkeztu dute Gorka Juliok eta Haritz Rodriguezek.

«Web aplikazioen bilgune izateko bokazioz sortu dugu egitasmoa»

Ainitze Agirrezabala

Donostia

Gorka Juliok (Andoain, Gipuzkoa, 1982) eta Haritz Rodriguezek hainbat webgune ezagun sareratu dituzte azken urteotan. Orain Arraytxiki Web Laborategia egitasmoarekin datoz.

Arraytxiki Web Laborategia izeneko egitasmoa aurkeztu duzue. Zer helbururekin sortu duzue?

Interneten guk euskaraz sortutako hainbat web aplikazioren -Euskaltube.com, Bildu.net, Zerberri.com eta Txioka.net, esaterako- eta beste edonork sortutakoen bilgune izan eta beren artean trakzioa sortzeko bokazioarekin sortu da. Hiru atal nagusi ditu proiektuak: Web Laborategia, Akuariuma eta atal fisikoa.

Atal bakoitza zertarako izango du erabiltzaileak?

Web aplikazioak aurrera atera eta mantentzen saiatuko da Arraytxiki.com. Atalei dagokienez, Laborategiak parte hartzeko tresnak jarriko ditu erabiltzaileen eskura. Webgunean esperientziak eta jakituria partekatzeaz gain, laborategiak proiektu berrien sorkuntza sustatu nahi du Akuariuma izeneko atalaren bitartez. Horretarako, laborategian jasotako ideiak aztertu eta, ondoren, Interneten doako ostatua edo tokia eskainiko diegu egitasmoa garatu nahi dutenei, inolako konpromisorik gabe. Laborategiaren barnean euskarazko proiektu propio globalak garatuz joango gara aurrerantzean. Erabiltzaileen arteko harremana indartu nahi dugu, era birtualean ez ezik modu fisikoan ere euskara teknologien munduan erakargarria dela ikusteko. Horretarako, Fish&Txips izeneko topaketak antolatuko ditugu hilero.

Publikatu.com, hain zuzen, laborategi horretatik sortu da, ezta?

Arraytxiki laborategiaren lehen sorkuntza da Publikatu.com, proiektu anaia. Arraytxikiren finantzabide nagusia da, eta bata ez litzateke izango posible bestea gabe. Gure zerbitzu propio horiek biltzeaz gain, kanpoko beste hainbat erakusleiho -Zabaldu.com- zerbitzatzeko sistema aurreratua da. Publizitatea kontratatu dutenen iragarkiak zentralizatu eta erakusleiho sare zabal batean banatuko ditu. Gainera, Publikatu.com zerbitzuari kontratatzen zaion publizitatea hirugarren atarietan ikusgai jartzeko aukera zabalduko dugu, gero irabaziak partekatzeko. Oraingoz, iragarkiak hilabetero 100.000 aldiz erakusteko gaitasuna du Publikatu.com zerbitzuak. Banerra 10.000 aldiz publikatzea eskatzen duten lehen 50 entitateei 1.000 inpresio oparituko dizkiegu, baldin publizitatea euskaraz bada. Orain, Publikatu.com-en erakusleiho hori handitzea da zerbitzuaren helburua.

Berriki sortu duzuen Zerberri.com bilatzailea zer-nolako harrera ari da izaten?

Kristoren harrera izan zuen lehen egunetan; orain pixka bat jaitsi arren, erabilera ona da. Batez ere kazetaritzan dabilen jendeak erabiltzen du, eta nahiko tresna onartua izan da alde horretatik. Sortu genuenetik bi aukera berri gehitu ditugu: batetik, Zerberri.com bilatzailea norberaren blog edo webgunera eramateko aukera eta, bestetik, nabigatzaileek goialdean bilatzeko izaten duten zerrendara gehitzeko aukera. Bilatzaileak bere atarian Eraman zurera izeneko atala du, eta bertan pausoz pauso esplikatzen da nola egin.

Euskal hedabideen webguneei zer kritika egingo zenieke?

BERRIAren webgune berrituaz kritika bat idatzi nuen nire blogean. Atari berritua aurrerapauso handia iruditu zait, baina hor badaude gauza batzuk lotu gabe. Larriena iruditzen zaidana da komunitate izaera hori ez dela guztiz landu. Esaterako, harpidedunen atalean, BERRIAk harpidedun mordoa du, baina sare sozial zabal hori Internetera eraman eta dinamizatzea ez du lortu. Bestalde, Interneteko edizio jarraiturako lan gehiago egin beharko litzateke erredakziotik. Eta, norberaren informazioaz gain, Interneteko beste hedabideen lotura gehiago eskaini beharko liratekeela uste dut.

Euskarak Interneten duen presentziaz zer esango zenuke?

Nire ustez, egoera nahiko ona da. Euskarak baino hiztun gehiago dituzten hizkuntza askorekin alderatuta, eduki gehiago ditugu, esaterako, Wikipedian. Oro har, esango nuke ondo gaudela, komunitateak sortutako tresna asko dituelako euskarak.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia