«Politikariak jarriko nituzke surf taula gainean, batez ere gizonezkoak»
ZUBEROA ANDRES - ETBko 'Surf in Euskadi' saioko zuzendaria
ETB2n eman zuten iazko denboraldian 'Surf in Euskadi' saioa. Aurten, gaztelaniaz ikusteaz gain, euskarazko katean ere ikusi ahal izango da hilaren 25etik aurrera
URTZI URKIZU
Donostia
Canal Bizkaian zazpi urte egin ditu Zuberoa Andresek (Getxo, 1978). Horietatik lau denboralditan surfari buruzko programa bat egin du. Orain ETBn egiten ditu surfari buruzko erreportajeak, Ana Urrutia aurkezlearekin batera. Euskal Telebistarako egiten duen aurreneko lana da.
Maiatzaren 29an hasi zenuten ETB2n denboraldia. Aurki ETB1en ere hasiko zarete. Pozik al zaudete erabaki horrekin?
Bai, oso pozik. Surfaren mundua Euskal Herrian nahiko euskalduna da. Pentsatzen dugu aukera bikaina dela programa euskaraz egitea. Euskal surflariek eskertuko dutelakoan gaude.
Surflarien aldetik jaso al zenuten eskaerarik saioa euskaraz egiteko?
Surflarien artean euskara izaten da hizkuntz nagusia. ETB2ko saioan, elkarrizketa asko euskaraz egiten genituen iaz. Beraz, ia derrigortuta geunden saioa ETB1en egitera. Ordubeteko programa da eta nahiko ordutegi ona izango du. Surflari bikainak ditugu, baita olatuak ere. Eta horren berri ematea da gure helburua. Urrira arte iraungo du saioak.
Lehiaketa bat duzue aurten, ezta?
ETB2ko saioan egingo da bakarrik, astean behin. Opariak irabazteko aukera emango dugu. Surf materiala zozkatzea zen lehen ideia, baina ikusi genuen bestelako gauzak zozka genitzakeela. Aste honetan, adibidez, Donostiako surfaren historiari buruzko liburu bat zozkatu dugu. Datorren astean neoprenozko traje bat zozkatuko dugu.
Zer harrera izan zuen aurreko denboraldiak?
Nahiz eta ordutegia gure alde ez egon, jendea nahiko fidela izan zen. Nahiko audientzia txukuna izan genuen. Oso ikus-entzule ezberdinak ditugu, eta kalean nabaritu egin dugu hori. 50-60 urteko gizon eta emakumeek iruzkinak egin izan dizkidate saioaren inguruan.
Nahiz eta surfaren jarraitzailea ez izan Surf in Euskadi-rekin gozatu dezake ikus-entzuleak, beraz.
Bai, hori da helburua. Horregatik, ez dugu oso hizkuntza teknikoa erabiltzen. Edonork izan dezake programarekin interesa. Munduko txapelketaren berri ematen badugu, adibidez, herriaren irudiak eta inguruko kontuak azaltzen ditugu.
Nola banatzen dituzue lanak Ana Urrutiak eta zuk zeuk?
Ana Urrutiak aurkezpenak egiten ditu Iurretatik eta ni hondartzaz hondartza joaten naiz erreportajeak egitera. Batzuetan zaila izaten da, surflariak bezala itsasoaren menpe egoten baikara. Ordu asko ematen ditugu erreportajeak egiteko. Zorionez gai ugari daude surfaren inguruan.
Euskal Herrian surfak gero eta zale gehiago dituela esateko daturik ba al duzue?
Bai. Gure olatuak mundu osoan ezagunak dira. Bestetik, euskal surflariek oso maila ona ematen dute nazioarteko txapelketetan. Afizioa gero eta handiagoa da. Ia hondartza guztietan daukagu surf eskola bat. Neskak ere gero eta gehiago animatzen dira surfa egitera.
Zu ibiltzen al zara surfean?
Bai. Ez Ana Urrutia bezain ondo, baina saiakerak egiten ditut. Bestetik, Euskal Herriko Surf Federazioan egiten dut lan.
Zein da zure hondartza gustukoena?
Getxotarra naizenez bertako hondartzak maite izan ditut beti. Baina orain Bakiokoa da nire hondartza.
Zer pertsonaia ospetsu jarriko zenituzke taula gainean?
Politikariak jarriko nituzke akaso, batez ere gizonak. Uste dut emakumea baztertuta dagoela, surfean ere mundu mailan matxismo handia dago. Politikari gizonezkoek ikusiko zuten zein zaila den surfean aritzea.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
