Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 13:41

KULTURA;2009-05-19;Uruguai isilik geratu da. Mario Benedetti hil da, 88 urte zituela. Herenegun zendu zen, Montevideon, eritasun luze baten ondoren. 'La tregua' nobela eta 'Inventarios' poema bilduma eta beste 80 bat liburu idatzi zituen.

Mario Benedetti hil da, 88 urte zituela. Herenegun zendu zen, Montevideon, eritasun luze baten ondoren. 'La tregua' nobela eta 'Inventarios' poema bilduma eta beste 80 bat liburu idatzi zituen.

Uruguai isilik geratu da

Ainara Gorostitzu.

Isilik gelditu da Eduardo Galeano Mario Benedettiren heriotzan. «Mina isilik esaten da», adierazi du, emozioei idatzi zien poetaren gorputza 88 urterekin eta gaixotasun baten ondorioz hilotz bihurtu berritan. «Bedeinkatuak izan bitez hura bezalako gizon eta emakume zintzo eta eskuzabalak». Ez du besterik esan adiskideak.

Biharamunean, atzo, gris eta euritsu esnatu zen Montevideo. Egunkariek dolu xingola beltza eskegi zuten lehen orrialdeetan, idazlearen obrarik eraginkorrenetakoari erreferentzia eginez, Adios Mario: Gracias por el fuego titularra letra handitan zekartela. Idazlea hil zaio Uruguari, Latinoamerikari. 09:00etatik hasita, mundu oso bat igaro zen Uruguaiko Parlamentutik, maitasunaren, alaitasunaren eta konpromisoaren poetaren hil kapera ikustera. Hiletak gaur egingo dituzte, Montevideoko hilerri nagusiko panteoi nazionalean.

Mario Benedettiren ahotsa (Paso de los Toros, 1920-Montevideo, 2009) isiltzearekin batera, bozeramaile bat galdu du Uruguaiko herriak. Ekintza izan baita Benedettiren sorkuntza. La tregua-ren egilearentzat ekitea izan da idaztea, galderak egitea. Dudak ereitea eta iraultzak jasotzea.

Konprometitua baitzen Benedetti. Oroz gain literaturarekin konprometitua. Pertsonak eta sortzaileak bere garaiarekin duen elkarrizketaren emaitza da Benedettiren literatura, engaiatua, beraz. «Kezka, mina edo maitasuna sentitzen dudanean poesia bihurtzeko zortea dut».

Irakurlea konprometitu nahi zuen idazleak. Irakurlearen «intelektora eta erraietara» iritsi nahi zuen. Konpromisoa bizitzeko jarrera bat izan baitu, «engainuaren, fribolitatearen eta hipokrisiaren antidotoa».

Literaturarekin zuen konpromisoa politikoa zen, erabat. Esanahi politikoa dute Benedettiren maitasun poemek, eta zuzenki politikaz ari diren olerkiak maitasun abesti bilakatu dira: «Hor ez dago kontraesanik», adierazi ohi zuen, «politika maitasunaren forma bat da, baina ez alderantziz». Horregatik, «benetako politika» aldarrikatu zuen, 1952an, AEBen eta Uruguairen arteko itun militarraren aurka agertu zenetik azken unera arte, «hipokrisiatik erauzitako politika».

Engaiamendua idazle eta pertsona gisa erakutsi zuen. Idazlea ez delako bere obra soilik. Benedettiren arabera, idazlea obra eta pertsona dira, bere ekintzak. Horregatik, heriotzan, haren gizatasuna nabarmendu dute adiskideek: «Normalean idazle baten bizitzak ez du interesik, baina Benedettiren bizitza eredu bat da, eredugarria izan da», esan zuen Jose Saramagok atzo.

Poeta ipuingilea

Ia urteak adina liburu zituen Benedettik, 80 inguru. Juan Carlos Onetti eta Idea Vilariñorekin batera, Generacion Critica edo 1945eko Belaunaldiaren sortzaile izandakoak mende erdia eskaini zion idazteari, 1945ean La víspera indeleble poema bilduma idatzi zuenetik. Generoz genero egiten zuen dantza Poemas de la oficina (1956), Noción de patria (1963), Poemas de otros (1974), Viento de exilio (1981) eta Testigo de uno mismo (2008) poema bildumen egileak. Antzerkia izan zen gutxien jorratu zuen generoa, eta ondoren nobelagintza. Quién de nosotros (1953), La tregua (1960) eta Gracias por el fuego (1965) dira Benedettik utzi dituen nobelarik ezagunenak. Saiakeran, El escritor latinoamericano y la revolución posible (1974) eta La realidad y la palabra (1991) nabarmentzen dira. Baina oroz gain ipuingiletzat zuen bere burua: «Ipuinarena da generorik atseginena, bai egilearentzat, eta baita irakurlearentzat ere: betidanik pertsonari gauzak konta diezazkioten gustatu zaio, eta batzuoi kontatzea gustatzen zaigu». Montevideanos (1959), La muerte y otras sorpresas (1968), Geografías (1982) eta La vecina orilla (1994) ipuin bildumak dira horren lekuko. Euskaraz Pedro eta Kapitaina antzerkia (Iñaki Alberdik itzulia, Susan) eta Istorio hiperlaburrak (Gerardo Markuletak, Ereinen) irakur daitezke.

Genero batean zein bestean, maitasuna, mina, beldurra, gorrotoa, adiskidetasuna, bakardadea ditu hizpide. Hizkuntza poetikoa du forma, beti. Hizkera sinplea, ezaugarri. Komunikazioa, helburu.

Kaleak erabiltzen zuen hizkuntzarekin poesia egiten asmatu zuen Inventarios hiru poema bilduma eraginkorren egileak. Ordura arte La Plata ibaiaren ertzean egiten zen poesiak testuinguruari bizkarra eman zion: «Orkatzek eta gazelek betetzen zituzten poemak. Hemen ez dauden animaliek». Errazkeriatik urrun, sedukziotik gertukoa zuen Benedettik idazkera. Antonio Machado espainiarra eta Baldomero Fernandez Moreno argentinarra izan zituen eredu. Eta irakurlea («nire hurkoa» deitzen zion) testuaren parte sentiarazten zuen horrela. Horra bere arrakastaren gakoa.

Arrakasta komertziala eta arrakasta kritikoa ezagutu zituen. Belaunaldi ugari markatu dituen La tregua nobelak, adibidez, 140 ediziotik gora izan zituen, eta 20tik gora hizkuntzatan dago.

Exiliatuaren patua

Bazekien zer zen zoriontasuna Benedettik. Baina mina ezagun zuen. Konpromiso sozial eta politiko agerikoagatik 1973ko Estatu kolpearen ondorioz Kubara exiliatu zen lehenik, eta Espainiara gero, Peruk atxilotu eta deportatu ostean. Tupamaroen Askapen Nazionalerako Mugimenduko kideekin batera, Martxoaren 26ko Independenteen mugimendua sortu zuen, 1971n, gerora Frente Amplio ezkerreko koalizioa izango zena (gaur boterean den Tabare Vazquezen alderdia). Hamar urte egin zituen bere lurraldetik eta Luz Lopez Alegria emaztearengandik bereizirik, exiliaturik.

1983an, Uruguaira itzuli zenean, desexilioa-ren garaia hasi zuen. «Gu esateko beharra bilakatu da aberria», idatzi zuen. Ordukoak dira Geografías eta El desexilio y otras conjeturas. Azken unera arte ezkerretik begiratu zion munduari.

Sustraiak zituen lurrean egonkortzean, bere poesia musikatzen hasi ziren. Daniel Viglietti adiskide uruguaitarra eta Joan Manuel Serrat katalana izan ziren gertuko musikagileak. Sergio Renanek, berriz, La tregua eta Gracias por el fuego zinemara eraman zituen.

Idatzia utzi zuen Mario Benedettik bizitza parentesia dela (La vida ese paréntesis, 1998), eta itxi egiten dela, «eta orduan, soilik orduan / ez izateak betiko irauten du».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia