Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 13:41

IRITZIA;2008-12-12;ZUZENDARIARI. Egun bat azokan Bizimin Harrokeria eta bekaizkeria.

Zuzendariari

Egun bat azokan

Astelehena da, festa eguna; Ama Birjinaren eguna ei da; niri bost axola erlijioa, baina horrela dago eginda kontua... Durangon pasatzea bururatu zait. Normalean, autoz mugitzen naiz, baina oraingoan, trenez joatea pentsatu dut. Eguna ez da oso polita Durangaldeaz gozatzeko, baina tira... joan egin behar da.

Landakora helduta, Azokara abiatu naiz zuzen eta artez. Bertan, egundoko giroa dago, betiko lez, baina... gaztelania barra-barra entzuten da. Ez al da euskal ferixe...? Ibilbide osoa egin, eta kanpora noa. Irtetean, andere bat datorkit, jatetxe bateko propaganda eman dit eskura, Trabakua gainean dago, erdaraz dago idatzita postala... eta erdaraz eman dit.

Herrian zehar ibili ondoren, etxera itzultzeko unea iritsi da. Geltokira noa. Hurbiltzean, oihuak, jendetza eta ertzainak ikusi ditut. Protesta bat dirudi, AHTren kontrakoa hain zuzen ere. Ezin naiz etxera joan, trenak ezin direlako pasa. Manifestari bi kateatu dira, eta trena ezin pasa...

Euskal Herria horrelakoa da. Kontraesanez betea. Ni ez nago AHTren alde, baina egin egingo da, horrela erabaki baita Eusko Legebiltzarrean. Baina batzuek, gutxik egia esan, ez dute entzun nahi. Ekologistatzat omen daukate euren burua, baina indarkeria erabiltzen dute, edo ez dute hilketa bera gaitzesten, trena geldiarazten duen bitartean...

Ez dut ezer ulertzen. Joseba Sarrionandiak esaten zuen moduan, ni ere jada ez naiz hemengoa.

Alberto Martinez Silva.

Basauri

Bizimin



Aio! Eta kasurik ez. Akordatuko al da nitaz? Ez al nau ezagutu? Oharkabean iragan da aldamenetik. Begira-begira antzeman dizkiot belarriko entzungailuak. Ingurunetik bakartu, errealitatetik ihes egiteko dio zenbaitek, musikan blai, gustuko duena egiten bestela. Aspertu da antza. Poltsikotik iPod koloretsu eta garesti horietako bat atera eta kanta pasa. Gailu berria iragarri dute telebistan, zaharkitua zokoratu eta Gabonetarako berria eskatzeko garaia!

«Gaurko gazteriaren minbizia agerian», hala dio norberekeria, kontsumismoa eta berehalako atseginaren monopolioa gazteei leporatzen dienak. Ukaezina minbizion kaltea... baina gazteena soilik? Ez ote dira ikasitakoak hauek denak? Gizartearen minbiziak alegia...

Aisialdia izan da azken garaian gizakiaren konkista handienetakoa. Lan tresna soila, ekoizkortasunaren zerbitzura, ekoizpen mailaren arabera baloratua izatetik norbere denboraren jabe, aisialdiaren kudeatzaile, aske izatera. Aurrerapauso ukaezina. Askatasun horrek, ordea, beste zenbait erronka azaleratzen ditu ezinbestean. Eta erronka horiei aurre egiteko neurriak gure garaiaren ikur bilakatu dira.

Hezitzailea dio beheko errotuluak, baina egia esan ez dakit zenbatek esango lukeen egiten dudana heziketa denik. «Hezkuntza formalean, eskolan bai heziketa!»; «Familiak behar luke heziketa gune nagusi eta ezinbesteko!»... ados. Gaur egun bizi dugun gizartean, berriz, usteak erdia ustel. Eskolatik familiara eta familiatik eskolara, eduki kognitiboez gainerakoen ardura batzuk besteei exijituz. Astialdia, inoiz baino beharrezkoagoa. Prebentzio lanetik, gazteok gazteonganako gertutasunetik eta boluntariotzatik erronkei eta minbiziei aurre egiten saiatzen dena. Utopiara gerturatuz, amets eta ilusioak eraikiz, minbizia bizimin bilatuz.

Badira 30 urte astialdiaren asmakizuna, metodologia, pedagogia Euskal Herrian errotzen hasi zenetik parrokia eta apaiz gazteen eskutik. 30 urteko lan eskerga ehunka talde eta astialdi eskolena, milaka begiraleena, guraso eta gazteena. Inoiz baino gaurkotasun handiagoa duenean, Euskal Herrian astialdian gabiltzanok elkartu, elkarrengandik ikasi, esperientziak trukatu, sare lana bideratu eta era autokritiko batean astialdiaren inguruan hausnartzeko leihoa zabaltzen ari gara. Tipi-Topa Astialdi Biltzarra antolatzen gabiltza. Astialdiari behar eta merezi duen balioa eman diezaiogun, duen garrantzia plazaratu dezagun. Boluntario edo soldatapeko moduan, astialdian gabiltzanok heziketan profesionalak baikara!

Borja Ruiz.

Hezitzailea, Astialdi Foroa eta Bizi Alai Taldearen izenean.

Harrokeria eta bekaizkeria



Dira bekatu bi hauek oso lotuak elkarrekin. Esplikatuko naiz. Harroak ezin du ikusi bere gainetik inor, eta halako bat detektatzen duelarik orduan bekaizkeria sortzen zaio, zeina baita gorroto motarik txarrenetakoa, dituen ondorioengatik.

Roman Garmendia.

Donostia.



ZUZENKETA: Atzoko BERRIAren 38. orrialdean «Araia-Maeztu» ageri zen idatzita «Arraia-Maeztu» agertu behar zuen lekuan.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia