Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 13:40

IRITZIA;2008-11-27;ZUZENDARIARI. Emakume presoak Aguraingo Udalak euskarari bai?

Zuzendariari

Emakume presoak

«Eskerrik asko etortzeagatik» ulertzeko moduan entzun zitzaizkion azken hitzak izan ziren, telefonoa mututu aurretik, estatuak preso daukan Lurdesi.

Batzuetan barre eginez, besteetan serioago jarriz, berrogeita bost minututan ipuinak kontatzen aritu baikinen, herriko gertaerak edo pertsonei buruzko aipamenak gogoratzen.

Haserre zegoen, baina, Lurdes, senarra hil zuten hamalaugarren urteurrenean, herrian egin zitzaion omenaldi xumean lekukoen eta lagunen testigantzak argazkietan jasotakoak, berari bidalitakoak, eman ez dizkiotelako. Hori baino maltzurragoa oraindik; argazki horiek arriskutsuak direla esan diotelako zegoen haserre.

Guantanamo txurietan bizi dira euskal presoak egun. Naomi Kleinen esanetan shock-a baita presoekin bilatzen dena, kanpoarekin inolako lotura afektiborik sentitu ez dezaten. Txuriz irudikatu nahi zaie mundua presoei motibazio politikoari uko egin diezaioten.

Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoari bideak bilatzen ahalegintzen den oro presoak kontuan izan behar direla baitaki. Alferrik saiatuko dira Guantanamo berriak asmatzen sasi irteerekin; gatazka luzatzeak inori ez dio mesederik ekarriko.

Gizaki eta herri libreago baten alde borrokatzeagatik, estatuaren eskutik tratu txarra jasotzen duten emakume preso guztiei, Guantanamoko emakumeei, Martik idatzitako Guantanamera abestiaren melodia maitekorrena bihoakie lerro hauen bidez.

Bittor Trebiño.

Soraluze.

Aguraingo Udalak euskarari bai?



Euskararen normalizazioa eta erabilera inguruko erabakietan Aguraingo Udalaren jarreraz kezkatuta, euskalgintza arloan lan egiten dugunok kezka eta iritzia plazaratzea erabaki dugu, batez ere Udalak hartutako azken erabakiaren berri azaltzeko. Izan ere, Bai Euskarari akordioa bertan behera utzi du Udalak.

Urte asko daramatzagu euskararen aldeko lanean, eta emaitza onak lortu ditugu Udalarekin elkarlanean: udal ordenantzak, euskararen erabilera zein euskalduntzea bultzatzeko hitzarmenak eta Udaleko euskara teknikariaren kontratazioa, besteak beste.

Azkenaldian, ordea, Udalak euskara politikan atzera egin du. Diru-laguntzak murriztu ditu eta euskalgintzarekin elkarlanean aritzeko borondaterik ez du agertu. Itxurari garrantzi handia eman izan dio Udalak hizkuntza politikan: hitzarmenak sinatu, ordenantzak onartu... baina kontua horretan geratu da.

2002. urtean hainbat sektoretako 78 eragilek, Aguraingo Udalak eta Kontseiluak Bai Euskarari Akordioa sinatu zuten. Hartutako konpromisoak gizarte eragileek bete dituzte, nork bere erritmoan eta gehienetan balorazio ona lortuz. Gauza ugari lortu da elkarlanean: paisaia linguistikoa eta irudi korporatiboa, euskara ikastaroak, sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak... Baina 2008ko urrian Aguraingo Udalak proiektua bertan behera uzteko alde bakarreko erabakia hartu du, beste partaideen iritziari muzin eginda. Hori ikusirik, Akordioan parte hartzen genuen erakunde eta taldeek erabateko desadostasuna adierazten dugu. Udalari jokaera alda dezan eskatzen diogu, beharrezko baita euskararen normalizazioan aurrera egiteko Bai Euskarari Akordioaren bidean jarraitzea.

Bestalde, duela urte batzuk Aguraingo Udalak euskararen normalizazioaren aldeko udal ordenantzak onartu zituen. Lortu beharreko helburuetara heltzeko ekintza planak arautu eta zehaztu ziren. Asko dira lortutako akordioak: gurasoentzako euskalduntze taldeak diruz laguntzea, Euskal Txokoa zabaltzea, euskararen erabilera planak egitea eta auto-ikaskuntza gela zabaltzea. Programa horiek diruz laguntzeko orduan Udalak atzera egin duela sumatu dugu.

Duela 10 urte Aguraingo Udalak, Lautadako beste udalekin batera, euskara teknikari bat kontratatu zuen Udalak onartutako normalizazio planak gauzatzeko. Teknikariaren lanak emaitza oso onak izan ditu. Akordioak koordinatzeaz gain, Udalaren euskalduntze planaz eta jarraipenaz arduratu zen. Lanpostu horrek ez du jarraikortasunik izan, urtez urteko kontratuak izan dituelako eta behin baino gehiagotan hilabete batzuetan teknikari horren lanaldia eten egin delako, baita kontratua ere, noski. Ondorioz planek ez dute aurrera egin eta Euskara Batzordearen funtzionamenduan trabak izan ditugu. Aguraingo Udalean hori da jarraikortasunik gabeko lanpostu bakarra. Horregatik Udalari eskatzen zaio Udal euskara teknikari lanpostua finko egin dezala behingoz.

Udalarekin bildu ginen azken aldian horrek Bai Euskarari Akordioa eteteko alde bakarreko erabakia eta arrazoiak adierazi zizkigun, baita hurrengo urtean EBPN (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia) martxan jartzeko asmoa ere. Plan horri Udalarekin batera elkarlanean jarraipena egiteko asmoa daukagu. Hori bai, ezinbesteko zaigu Udalak jarrera aldatu eta euskararen normalizazioan benetan bultzatzeko asmoa frogatzea. Plan berri horrek baliabideak beharko ditu: diru-laguntzak, giza eta material baliabideak. Horrekin batera, erabakiak hartzeko orduan, eragile eta partaideen iritzia kontuan izan behar ditu. Aguraingo Udalean gehiengoa duen talde politikoak gauzak hobeto pentsa ditzala eta aurrerantzean euskararen aldeko benetako politika bati ekin diezaiola. Hala izan bedi!

Joseba Legarda, Manuela Beldarrain eta Asier Lafuente.

Agurain.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia