Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 17 - 00:37

IRITZIA;2006-02-25;GOGOETA. Pobreziaren zuloa, norbere zulo

gogoeta

Pobreziaren zuloa, norbere zulo



joseba azkarraga etxegibel

soziologoa, huhezi-ko irakaslea

Estralurtarrik baletor gure planetara, zaila da jakiten zein errealitate bistaratuko lukeen lehendabizi. Baina, apustu egingo nuke txostenaren lehenengo orrialdeak halako zerbait aitatuko lukeela: «Lurra deritzan planetaren datu esanguratsua bere Hegoaldea dugu, bertan pobreziak miseriaren traza hartzen du. Giza espezieko asko hezur eta larru geratzen dira han».

Akaso honela jarraituko luke txostenak: «Iparraldekoek, ostera, inoizko gerri buelta ponposoena dute». Hemen arazoa kaloria kopuru handiegia dela. Hemen kontsumismoa dela goratu beharreko jainko.



Kooperatibista zahar batek dio mendi tontorretako gurutzeak telebista antenekin ordezkatu ditugula eta jende ilarak konfesatokiaren aurrean izan ordez kutxazain automatikoaren aurrean ditugula gaur; bada, sasoi honetan kontsumoak eragindako zakar tonekin zer egin, horixe dugula arazo esango luke estralurtarraren txostenak. Eta zelan argaldu. Hemen perfumeetan uzten dela dirutza izugarria. Eta txakurrei arropak erosi eta oporrak eskaintzen zaizkiela horretarako propio diseinaturiko txakurtegi dotoreetan.



Marxek esan zigun sistema kapitalistaren porrota (ia) ezinbestean etorriko zela, ezberdintasunak sortzeko erakusten zuen ahalmenagatik. Aitortu behar zaio kapitalismoari, agertu, agertu duela gaitasunik ongizate materiala sortzeko gutako gehienontzat, txakurren bizimodua ere nabarmen hobetzeraino.



Eta hori ikusita, ezkerreko askok bake hitzarmena sinatu dute ordena kapitalistarekin: bere muga guztiekin, daukaguna da eduki daitekeen sistemarik onena, esango digute amets eraldatzaileei buruarekin ezetz esanez, argia ikusi duela uste duenaren autokonplazentziarekin. Hara: ahaztu ote duten gaurko kapitalismoaren kontraesanik potoloena talaia globaletik ikus daitekeela garbi, hangoen barrualde hustuetan eta naturaren mintzo minduan, nagusiki. Talaia horretatik begiratuta, ezberdintasunak nabarmen areagotu dira, Marxek arrazoia.

Laugarren mundua

Baina, kapitalismo globalizatuaren kontraesanak ez dira hor amaitzen. Txostengile estralurtarrak aitatuko lituzke, baita ere, Iparraldeko pobrezia poltsak, beharbada bigarren orrialdean. Eta eremu biak handitzen joan direla gainera, hangoa (hirugarren mundua) zein hemengoa (laugarrena).



Elkartzen plataformak zenbaki astronomikoak eman dizkigu. Ia milioi bat euskal herritar omen pobreziaren mugan bizi direnak. Nire ingurunean bada harridura keinua oraindik josita duena aurpegian, baita zenbakia larregizkotzat hartzen duenik ere.

Zenbakiak zenbaki, bigarren mundu gerratearen osteko gizarte-eredua aurpegi gizatiarreko kapitalismoa izan zen, logika ekonomikoak eta sozialak uztartzen saiatu zena. Hobsbawm historiagile marxistak dio, paradoxa badirudi ere bloke komunistak indartu zuela kapitalismoa, berau barrutik erreformatzea eta biguntzea eragin baitzuen, bihotza samurtu balitzaio bezala agertuz. Eta Mendebaldeko gizarteak errugbi baloiaren itxura hartu zuen edo, nahiago bada, erronboarena, erditik betea eta meheago puntak: langile klasea integratu (ikuspegi ekonomiko, politiko, sozial, kultural eta psikologikotik) eta klase ertainaren lurraldea handitu da.



Blokeak desagertuta, kapitalismoak utzi dio arrazionaltasun ekonomikoa bestelako logika sozialekin biguntzen saiatzeari. Ongizate estatuaren mehetzea, sozialdemokraziaren porrota, politika sozialen argaltzea, enplegu osoko egoeraren amaiera, lanaren degradazioa, enpresen lekualdatzeak eta honek eragindako enplegu galera... Horiexek, gaurko taupadak.



Robert Castel-ek hirutan zatitzen du gaurko gizartea. Integrazio-eremuan bizi da gizarte normala: lan egonkorra, harremanak sendo, eta zentzuz ondo hornituta bizitza. Bigarrenik, hauskortasunaren eremua dugu: lan prekarioa, harreman ezegonkorrak eta bizi-konbikzio ahulak. Azkenik, bazterketaren eremua: langabezia, isolatze soziala eta bizi-zentzurik eza.



Azken urteotan bigarren eremu hori txiklea bailitzan tenkatu eta zabaldu da. Bizitza hauskor eta ezegonkor bihurtzen duen eremua ireki da, bere ertzetatik tiraka ibili baitira obsesio neoliberaleko eliteak (politiko, ekonomiko, kultural eta mediatikoak). Integrazio eremutik bertara amildu dira hainbat, segurtasun ezaren lokatzera.



Ondorioz, gaur, klase ertainaren gainbeheraz hitz egiten da, bizi-kalitatearen eta segurtasun ekonomikoaren nolabaiteko higatzeaz. Mila eurokoen belaunaldia ere sortu da: hilero mila eurorekin bizi behar duten gazte ikaragarri ongi prestatuak (etxebizitzaren metro koadroa mila eurotik asko gorago dagoen sasoian). Aspaldiko partez, gaur gutxiagok hobetuko du bere gurasoen bizi maila; areago, nahikoa lan gurasoen bizi-mailari eustearekin.

Txiro, ingurumari aberatsean

Pobreziaren zenbakiek pobreen benetako kopurua baino gehiago, ezberdintasunen areagotzea erakusten dute. Hots, gero eta aberatsagoa dela Euskal Herria, baina aberastasuna gero eta okerrago dagoela banatuta.

Zenbakiak zenbaki, kontsumo-gizartean eta obesoen artean errakitikoagoak ere badirela ageri zaigu. Gerriak estuago eta barruak makalago dituztenak ere badirela. Behin behineko enpleguekin, behin behineko bizitza antolatu behar dutenak. Zenbaitentzat belar motzekoagoa dela modernitate kapitalista hiper aurreratuaren larra. Eta ez jatekorik ez dutelako, hemen ez baita jendea gosez hiltzen. Baina, barruak ez dira ogiz bakarrik betetzen eta, minimo materialak erdi beteta izanik ere, bestelakoak faltan: eskubideak, lan duina, bizitza seguru bat antolatzeko aukera, segurtasun psikologikoa. Halakoez dira barruak hutsik.



Fenomenoaren tamainarekin batera, estralurtarrak bere nolakotasuna du hizpide: «abundantziaren erdian jasan beharreko pribazioa da gaurko pobrezia». Lan prekarietatearen alboan, ondoko taulan, enpresen etekin izugarriak ditugu. Apaiz heterosexual batek emakume-aran batean senti dezakeena ote den hori, edo antimilitarista batek gerra modernoaren lehen lerroan, edo alkoholikoa izandakoak herriko festetako txosnetanÉ Angustia, alegia.



«Pobrezia ez da berria», idatziko luke estralurtarrak. «Berriagoa da ondokoa: pobrearen begiek sekula ez dute hain gertu ikusi halako aberastasun eta bizi-aukera pilaketarik, ez hemen ez han»; izan ere, Afrikako azken herrixkan bada paraboliko bat eta telebista komunitarioa, eta pobreari aberatsen mundu ustez zoriontsua begietaratzen zaio, lotsagabeki egin ere.

Norbere zulo

Eta nolakotasunari punta zorroztuz: «Gaur ezberdintasun sozialak eta pobrezia ikusezinak dira». Euskal Herrian polizien auto ezkutuek zainduko ei dute nork hitz egiten duen sakelakotik autoa gidatu bitartean. Eta semaforoetan bideo-kamerak jarriko omen dira oinezkoen pasabideak zein autok inbaditzen dituen ikusteko. Kate motzeko zaintza polizialaren aroan, zenbait kontuekin administrazioaren begiak ikuskaritza zorrotza darabilen honetan, pobrezia bistatik galdu da.

Nolakotasunarekin jarraituz, estralurtarrak begia gehiago zorroztu du: «Anorexia espiritualeko eta betekada materialeko munduan, ongizatearen lurraldean eta bizi-aukera ugarien erdian, norberak halakorik ez. Horrek barruko harrak ez, barruko lotsak pizten ditu». Bulkada politiko-eraldatzailearen lekuan, auto-gutxiespenaren errubera zigortzailea jartzen da abian. Ez dago ordena soziala salatzen duen pobrerik, ez dago ordena iraultzearen aldeko jarrerarik, pobreziaren definizioak tonu politikorik hartzen ez duelako pobrearen kontzientzian. Gutako bakoitza bere buruaren enpresari bilakatu den honetan, norbere barruan kotizatzen dira arrakasta eta porrota, autoestimua eta gutxiespena.



Herritarrak gobernatzeko forma neoliberalak duen arrakastaren sintoma da hori: txiroak euren buruaren biktimak dira; norbere ezegokitasunaren, konpetentzia ezaren eta auto-porrotaren biktimak baino ez.



Eta estralurtarrak idatzi du, fintasunez, txosteneko azken esaldia iradokizun eran: «Dena den, etorkizunean aberastasuna barik, giza espeziekoek ez ote duten soiltasuna eta austeritatea banatu beharko».





© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia