Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 13:35

AGENDA;2009-03-10;Film kritika. Adiorik ez, Clint

Film kritika

Adiorik ez, Clint

Gontzal Agote

Gutxitan gertatzen da, baina batzuetan protagonistak berak aurre hartzen dio heriotzari; gertatu aurretik, gertatuko dela jakinik, azken agurra egin nahi izaten du, betirako gordetzen ahal dugun oparia, testamentu filmiko eta existentziala. Besteak beste, John Hustonek The Dead eta Robert Altman A Prairie Home Companion-ekin egiten asmatu zuten. Eta orain, Clint Eastwoodek.

Bi maila oso diferentetan ulertzen ahal da filma, eta, ziurrenik, lehena gailenduko zaio bigarrenari. Atzerritarrak, bereziki asiarrak, onartzen ez dituen agure erretxindu bat, gerora hainbat gauza ikasi eta modurik dramatikoenean erredimituko dena. Horrela ikusten ahal da filma.

Geruza arin horren azpian badira askoz sakonago eta egiazkoagoak diren beste kontu ezinbesteko ugari; Clint Eastwoodek errepaso oso eta zinezkoa egin dio bere ibilbide artistikoari, eta behin betirako adio esaten dio aspalditik itzala izan duen mendekatzailearen figurari, bereziki Harry Callahani. Horrekin batera -nola bestela- bere herriari begiratu dio, hor ere badu zeresanik, amaitu (omen) da mendeku eta suaren aroa, mundu berria da sortua; ulertu edo ez, horretan bizitzen ikasi behar da.

Maisulan bat egitea fundamentuzko kontuak itxurazko errazkeria baten pean mozorrotzea da. Edonork batere problemarik gabe ikusten ahal duen pelikula da Gran Torino; antza, ez du beste munduko deus kontatzen; are gehiago, filmaren lehen partean Kowalski eta bere jokabidea gorrotagarri gertatuko dira maiz.

Baina bizitzaren memorandum bat izaki, pieza guztiak maisutasun handiz daude lotuta, eta amaieran esaldi bakoitzak behar duen esanahia du. Eastwoodek izan denarekin zorrak kitatuko ditu, eta, iraganari uko egin gabe, aitorpen ordain ezinezko bat eskainiko die ikusleei. Behin hori eginda, heriotzarako prest dago.

«Como la muerte anda en secreto, y no se sabe qué mañana, yo voy a hacer mi testamento, a repartir lo que me falta, pues lo que tuve ya está hecho, ya está abrigado, ya está en casa». Egunen batean gertatuko da, ez sobera berandu beharbada. Iratzargailuak jo, dutxa hartu, eta irratia piztean, ur hotza gainean: Clint Eastwood hil da bere etxean, zinemagile handiak tar, tar, tar... Gisa horretara gertatuko da, lilurarik ez, gure bihotzean zerbait itzaliko da, izar txiki baina tinko bat. Kontsolamendu pobrea, baina sikiera ez dugu izanen elkar agurtu ez izanaren pena mugagabea.



Gran Torino

+13. AEB, 2009. Zuz.: Clint Eastwood. Akt.: Clint Eastwood, Cory Hardrict, Geraldine Hughes, Brian Haley, Dreama Walker, Brian Howe. 116 min.

Gasteiz (Abaco Boulevard, Guridi, Yelmo Gorbeia), Bilbo (Capitol, Renoir), Barakaldo (Max Ocio, Yelmo Megapark), Basauri (Bilbondo), Getxo (Lauren), Leioa (Artea), Donostia (Antiguo Berri, Principe), Irun (Cinebox Mendibil), Usurbil (Urbil), Baiona (CGR), Angelu (Oscar), Miarritze (Royal -JBA-), Iruñea (Golem Baiona, G. La Morea, Carlos III), Uharte (Itaroa), Tutera (Oscar).

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia